Beldur Barik lehiaketako sari banaketa aurrera eraman du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 22a, 16:04

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Lasarte-Oriako Udalak XI. Beldur Barik lehiaketako sari banaketa aurrera eraman du. Arduradunek azaldu dute ekimen horren helburua dela "indarkeria matxista prebenitu eta belaunaldi gazteen artean berdintasuna sustatzea". Horrez gain, nabarmendu dute lehiaketak gizarte berdinzaleago baten alde gazteen artean "hausnarketa eta eztabaida bultzatzea" ere bilatzen duela. Beldur Barik Jarrera hartzeak zer esan nahi duen ere gogorarazi dute:: eguneroko jarrera eta portaera matxisten aurrean kontra agertu, aurre egin eta horiek gainditzea

Aurten, lehen kategoriako (12-13 urte) bi lan aurkeztu dira, eta biak irabazle izendatu dituzte horien "kalitate eta egindako lanagatik". Gauzak horrela, epaimahaiak biak berdintasunez saritzea erabaki du, eta bakoitzari 200 euroko saria eman die.

Saritutako lanak

Epaimahaiek honako iruzkinak egin dizkiete aurkeztutako eta saritutako bi lanei:

  1. Mugak hautsiz, bidea eraikiz (DBH1): Lanak emakumeek jasaten dituzten eguneroko indarkeriak erakusten ditu: gorputz perfektu baten exijentzia, festetan gozatu nahi izatean jasaten den jazarpena eta kalean ibiltzean sentitzen den beldurra. Gazte askoren egunerokoarekin lotura zuzena duen salaketa da, hausnarketara eta kontzientzia hartzera gonbidatzen duena". 
  2. Vuestros recreos crean machistas (DBH2):  Izenburu zuzena erabiliz, lan honek eskola-espazioetan, hala nola kirol-pistetan, mutilek bakarrik erabiltzen dituzten espazioak nola nagusitzen diren erakusten du, sormena edo dantza bezalako beste jarduera batzuk atzean utzita. Mezuak genero-rolak ikuspegi berdinzale batetik berrikustea proposatzen du.

Agerraldia amaitu aurretik, udal ordezkariek esker hitzak luzatu dizkiete parte hartzaile guztiei: "Eskerrik asko zuen lan eta konpromisoagatik. Bideo hauek erakusten dute Lasarte-Oriako gazteak prest daudela gizarte justu eta berdinzaleago baten aldeko aldaketa lideratzeko. Indarkeria matxistaren aurka elkarrekin lanean jarraitzera animatzen zaituztegu.” Aldi berean, hitzordua baliatu du herritarrak datorren astelehenean, Azaroaren 25ean Okendo plazan aurrera eramango den elkarretaratzera joan daitezen deitzeko.