Bartzelonatik Donostiara ekarri dute hegaldun zaldia

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 22a, 09:06

Argazkiak: Maider Segurola

Gertutasuneko saiorik onenaren Ondas saria jaso du, berriki, Euskadi Irratiko Faktoria Magazina-k. Bartzelonako Liceu antzokian aurrera eraman dute sari banaketa, eta bertan izan da aipatu irratsaioa osatzen duen lantaldea; horien artean bi lasarteoriatarrar: Maider Segurola Dorronsoro eta Asier Odriozola Gonzalez. Mikel Retegi herritarra ere lantalde horretako kide da, baina bera ez da Kataluniako hiriburuan izan

Segurola arduratzen da saioa zuzendu eta gidatzeaz, eta mikrofonoa eskuan hartuta, Euskal Herriko hainbat lekutatik zuzeneko kontakizunak egin ohi ditu Odriozolak. Retegi, berriz, teknikaria da, eta, besteak beste, irrati esatarien ahotsak etxeetara egoki iristeko ahaleginak egiten ditu.

Horiekin hitz egin du TXINTXARRI aldizkariak, izendapenaren eguna eta saria jasotzearen iluntzea nola bizi izan dituzten galdetzeko. 

Kontatu dute "ezustean" harrapatu zietela izendapenak berak, eta, hasieran, "txantxa" zela uste izan bazuten ere, gerora, albistea egiazkoa zela jabetuta, "poz handiz" jaso zutela. 

Lantaldea ia osorik egon da Bartzelonan, eta elkarrekin esperientzia hori bizi izana ere "ederra" izan dela azpimarratu dute.

 

"Bartzelonako esperientzia hitzez azaltzea oso zaila da"

 

 

MAIDER SEGUROLA DORRONSORO

Ezustean harrapatu gintuen izendapenak, ez genekielako hautagaitza aurkeztu zenik ere. Jakin genuenean, une horretan geunden testuinguruagatik, uste genuen txantxa bat zela. Gero, behin ulertuta albistea egiazkoa zela, lehendabiziko pentsamendua izan zen atzera begiratzea eta ohartzea, sari hori pare-parean tokatu bazitzaigun izan zela Euskadi Irratian, eta bereziki Faktorian, hogei urtez hainbeste jendek lan egin duelako, eta hori egiteko molde jakin bat izan dugulako. Hautagaitzara aurkeztu zen guk iaz Baionan egin genuen saio bat, eta horrek berak ere ilusio berezia egin digu; azken finean, oso argi uzten du gu nori ari gatzaizkion hizketan. Gure hartzailea da euskaraz dakiena eta euskal komunitatea osatzen duena, berdin du Baionan egon, Iruñean edo Bilbon.

Bartzelonako esperientzia, berriz, hitzez azaltzea oso zaila da. Aurretik gorabehera dezente izan ditugu, gauza asko prestatu behar zirelako, bai sari banaketarako, bai hurrengo egunean handik egin genuen saioa aurrera eramateko. Hori kontuan hartuta, nahiko aste eroak izan dira. Nola ez, sari banaketan lantalde osoa bertan egoteak oso berezia egin zuen une hori bera eta baita Bartzelonako egonaldia ere.

Esan bezala, hurrengo eguneko saioa Bartzelonatik egin genuen; beteta, harro sentitzen ginen. Oso-oso talde elkartua gara Faktoriakoa. Oso momentu gozoan etorri zaigu saria, beraz, une gozo hori areagotu egin du aintzatespenak. Nire kasuan, programa zuzendu eta gidatzea dagokit, baina hori ezinezkoa zatekeen daukagun taldea edukiko ez bagenu. Talde lana da, egunero-egunero elkarrekin ari gara saioa osatzen. Oraindik ere aparretan gaude, pozik. 

ASIER ODRIOZOLA GONZALEZ

Erabat ezustean eta sormen ikastaro baten erdian jakin genuen. Bi lankide Faktoriari Ondas Saria eman ziotela esanaz aretoan sartu zirenean, pentsatu genuen ikastaroarekin zerikusia zuen jolasen bat zela. Uste dut taldean lan egiteko modu bat eta entzulearen intereseko diren gaiengandik hurbil lan egitea errekonozitu direla. 

Bartzelonako esperientzia, aldiz, aparta izan da lanari dagokionez eta baita ospakizun begiradatik ere. Maiderrek eta Mikelek saria jaso zutenean, baina batez ere han esan zituzten hitzak entzutean harro sentitu nintzen eta pozik, oso pozik. Katalanez zein ongi egiten zuten, horrek harritu ninduen. Gero, han egin genuen programa borobil atera zitzaigun eta horrek ere areagotu egin zuen gure goraldi sentsazioa. Ondoren etorri zen ospakizuna, talde osoa elkarrekin egotea, tartean paperik ez zela, ederra izan zen. Taldea oraindik ere gehiago batu duen esperientzia izan da Ondas sariarena.