ESKUTITZA

Promes faltsuen uholdea

Xabier Karril 2024ko aza. 22a, 07:00

Politikariak eta enpresariak adituak dira ardurak saihesten. Sinetsarazi nahi digute ez dutela zerikusirik Valentziako denboraleak eragindako txikizioarekin, ezta berrehundik gorako hildakoekin ere. Beren ardura ezkutatu nahian, guzti honen eragilea “hondamendi natural latz” bat dela diote. 

Ukaezina da denborale horrek dimentsio naturala duela: fenomeno meteorologiko gisa, hein batean, giza-jarduerekiko beregaina dela esan daiteke. Naturala ez dena, ordea, zera da: langileria urpean geldi daitekeen eremu batean pilaturik edukitzea bertan eraikitzea merkeagoa delako; jendea lantokira joatera behartzea, alarma jakinarazpenen aurrean ezikusiarena eginez, irabaziek ezin dutelako egun bakar batez ere itxaron. 

Laburbilduz, irabazi ekonomikoak langileen bizitzen aurretik lehenestea erabaki politiko bat da, eta hala ulertu behar dugu. Orain, ordea, ohi denez, erabaki hori hartu zutenak gu limurtu nahian dabiltza “denok ontzi berean gaude” edota “denok batera egin behar dugu arraun” bezalako esaldiekin. Haatik, bihar bertan ez dute zalantzarik egingo, eta zure bizitza arriskuan jarriko dute berriz ere euro batzuk gehiago irabaztearen truke. 

Egoera honen aurrean ez dezagun utz ezinegon honek ezerezean amai dezan. Soilik politikari profesionalen eta enpresarien irismenetik kanpo dagoen antolakuntzaren bitartez lortuko dugu amorru hau behar bezala bideratzea, hala besterik ez baitugu lortuko irabazietan eta heriotzean oinarritutako haien munduari aurre egingo dion alternatiba osoa eraikitzea.