Beltzak Errugbi taldeko ordezkariek, lan ederra euren hitzorduetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 21a, 13:30

Alex Saleta Atorrasagasti Espainiako jokalaririk onena izendau zuten Fiyiren aurkako neurketan. Arg.: Beltzak RT.

Beltzak Errugbi taldeko ordezkariak neurketaz neurketa izan dira. Euskal Ligan denetariko emaitzak izan dituzte hilaren 16ko jardunaldian. Alex Saleta Atorrasagasti herritarra, berriz,  Espainia-Fiyi neurketako hamabostekoan izan zen 

Lehen mailako Gipuzkoa Sortzen taldeak 22-30 garaitu zuen Getxo. Bizkaian jokatutako norgehiagokako zerrendan sei herritar izan ziren: Mikel Ibisate Alday, Jokin Beloki Chivite, Gabriel Gavilan Manso, Julen Espinosa Tena, Beñat Arozena Peña eta David Vega Santos. Lehen lauak hamabostekoan atera ziren eta Belokik kapitain lanak egiteaz gain, entsegu bat egin zuen.  

Zarauzko Asti zelaian, aldiz, txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten 18 urtez eta 16 urtez azpiko Gesalaga Okelan Zarautz taldeak. Lehen faseko azken neurketan zaharrenak nagusi izan ziren Hernaniren aurka eta garaipena erdietsi zuten, 23-0. Lau herritar izan ziren lehian eta Lander Zabala Ugartemendia zein Eneko Sanchez Martinezek entsegu bana egin zituzten. 

Gazteek, aldiz, ezin izan zituzten hernaniarrek gainditu, 21-54. Erik Perez Duran herritarrak hiru gauzatze lortu zituen partidan.

Fiyiren aurka

Alex Saleta Atorrasagasti herritarra, aldiz, Espainiako selekzioko bi lehiatan borrokatu da azken asteetan.

Hilaren 16an, Fiyiren aurka hamabostekoan jokatu zen Valladoliden (Gaztela eta Leon). Lehen zati borrokatuaren ostean, 10-7 joan ziren atsedenaldira. Baina Fiyik itzulia eman zion partidari eta 19-33 garaitu zituen lehoiak. Neurketa amaitzean, Saletak selekzioko jokalari onenaren saria jaso zuen. 

Eta bi aste lehenago, Madrilen Uruguairen aurkako garaipenean (33-24) ere parte hartu zuen herritarrak; 59. minutuan atera zen zelaira.