Neurketari itzulia emateko zorian egon zen Ostadarreko II. seniorra

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 21a, 12:30

Ostadar Saskibaloi ataleko 2. mailako taldeak bi asteko geldialdiaren ostean, Zast Oak taldearen aurka neurtu zituen indarrak. Neurketako bigarren laurdenean aurkariak neurketa hankaz gora jarri zuen partzial ederra eginaz (3-13) eta azken txistura arte saiatu ziren arren, seniorrek ezin izan zioten emaitzari itzulia eman; Zarauzko taldeak 39-41 irabazi zuen neurketa

Lehenengo laurdenean etxeko taldeak markagailuari eustea lortu zuen, 11-15. Bigarren laurdenean Zarauzko taldeak erritmoa eman zion neurketari, ordea eta urdin-beltzek ez zuten jakin egoerari aurre egiten. 3-13ko partzialari esker, atsedenaldira hamalau puntuko errentarekin iritsi zen Zast, 14-28.

Abagunean pare bat aldaketa egin eta beste erritmo eta joko batekin atera zen jolastera etxeko taldea. Horri esker, hirugarren eta laugarren laurdenaren jabe izan zen Ostadarreko taldea. Azken minutura arte borrokatu zen etxeko taldea –10-6 eta 15-7 izan ziren partzialak– eta partida berdintzeko zorian egon zen. Baina azkenean zarauztarrak bi puntuko errentarengatik gailendu ziren.

Ostadarreko prestatzaile Beñat Eleiceguik azaldu duenez, "neurketa arraroa izan zen. Norgehiagokarik gabeko tartea asko nabaritu genuen partidua hasi ahala, partiden eta txapelketaren erritmoa galduta atera zen taldea". 

Gainera, atsedenaldian hamalau puntu bakarrik eginda irabazteko aukerarekin iristea zaila dela ohartarazi du. Horregatik jokalariek bigarren zatian egindako lana nabarmendu du: "neskek ederki erakutsi zuten beraien borrokatzeko grina eta partidari buelta emateko zorian egon ziren".

Lau jardunaldi jokatu ditu Ostadarrek eta neurketa bakarra gainditu du. Abenduko etenera arte, seniorrek ez dute atseden gehiagorik izango eta lehiatzeko erritmoa hartuz gero, lehen postuetan borrokan egon daitekeela uste du urdin-beltzen prestatzaileak. Baina horretarako lan egin behar dela argi du Eleiceguik: "Orain lanean gogor jarraitzea besterik ez da geratzen".