Kantxa erdiko zelaian, Eider Aldazabalek zuzentzen duen kadete A taldeak 0-3 galdu zuen Usurbilen aurka.
Kadeteek ez dute prestakuntza fasea ongi hasi, baina pausoz pauso taldea egin eta ligari begira ari dira lanean urdin-beltzak. Aldazabalen lehen urtea da taldea zuzentzen eta azaldu digunez, kirolean eta elkarrekin jardun diren jokalariek zein kide berriek osatzen dute. Horregatik, fasea taldeko kideen arteko harremana sendotzeko balio izan duela azpimarratu du: "Elkarrekin jolasten eta elkarrekin bizitzen ikasten ari gara".
Orain arteko jardunaldietan ez du neurketarik irabazi Ostadar a taldeak, baina aurkariei aurre egin diete eta puntu zein setak irabazi dituztela aipatu du: "neurketak ez dira gogorrak izan, partidak borrokatu ahal izan ditugu eta zenbait talderi set batzuk egitea ere lortu dugu".
Denboraldia aurrera joan ahala, egoerak itzulia emango duenaren esperantza du kadete taldeak prestatzailearen hitzetan: "partida batzuk irabaztera iritsiko garela espero dut". Izan ere, garaipena eskuratzeak jokalariei ilusio handia egingo diela azpimarratu du: "set batzuk irabazteko zorian egon garenean irabazteko ilusioa ikusten zitzaien aurpegian. Eta lehenengo partida irabazteak indarra emango dio taldeari garaipen gehiagoren bila joateko".
Ondoko zelaian ere ez zuten zorterik izan infantilek. Nahiz eta urdin-beltzak ederki borrokatu Lizardi Bi taldeak 2-3 irabazi zuen.
Hernanin kadete B taldeak ere ez zuen aldeko emaitzarik lortzea izan; Hernani 2 3-0 gailendu zen.
Euskal Ligan garaipena
Eta jardunaldiko poztasun bakarra Euskal Ligako II. mailan lortu zuen Ostadarrek.
Universidad de Navarraren aurka lehiatu zen talde urdin-beltza Iruñean (Nafarroa) eta gogor borrokatuz 1-3 (23-25, 25-23, 13-25 eta 22-25) gailendu zen.
Horri esker, Asier Acuriolak garaipenaren bidean jarraitzen du; taldeak ez du jardunaldirik galdu eta bere multzoko buru dago D'Elhuyar Logroño taldearekin puntuetan berdinduta.