Ostadar SKTko kadete neskek, zapore gazi-gozoko puntua

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 20a, 10:30

Ostadar SKTko kadete nesken taldeak bi jardunaldi egin ditu sailkapenean punturik gehitu gabe. Hilaren 16an, zoritxarra alde batera utzi, zelaian astean zehar egindako lana erakutsi eta banako berdinketa eskuratu zuen Usurbilen aurka.

Ostadarreko Nahia Calle Muñoa entrenatzailearen hitzetan, "puntu gazi-gozo bat eskuratu genuen; ondo egindako lanaren sari, baina gehiago merezi genuenaren sentsazioarekin". Izan ere, epaileak azken txistua jo arte borrokan izan ziren talde urdin-beltzeko jokalariak.

Michelin kirol gunean jokatu zen neurketan usurbildarrek eman zuten lehen zartada; lehen minutuetan markagailuan aurreratu zen aurkaria. Talde urdin-beltzeko arduradun azaldu modura, "golak min egin zigun arren, taldea baloiaren jabe egin zen emaitzari buelta emateko jarrerarekin". 

Era horretara, astean zehar landutako jokaldiak partidan aurrera eraman eta aukera ugari sortu zituzten Ostadarreko jokalariek. "Aukera asko galdu genituen: zutoinari emanaz, haien atezainaren geldiketa eta ate aurrean izan genituen banakako lehia batzuei ez genizkien etekinik atera".

Neurketa amaitzeko 10 minutu faltan, iritsi zen lanaren fruitua eta berdinketako gola egin zuen Iugatz Almagro Fernandez aurrelariak.

Hala ere, ez zuten amore eman eta azken minutura arte saiatu arren, urdin-beltzek ezin izan zuten garaipeneko gola egin. 

Kadete taldea multzoko azken postuetan da lau punturekin, baina Callek nabarmendu duenez, "denok dakigu gehiago nahi dugula. Ez gara edozerekin konformatzen". Hurrengo jardunaldian euren indarra erakusteko aukera ederra izango du talde urdin-beltzak, sailkapen buru den Antiguoko KE B izango du aurrez aurre. "Ez gara beldur, gure lana ondo egitera goaz, gure filosofia mantenduz," adierazi du kadete taldeko arduradunak.

Horrez gain, futbolean jokatu nahi duten herriko neskei, Ostadar SKT aukera bikaina dela jakitera eman nahi die entrenatzaileak.