Txapasekin beti ostirala delako

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 20a, 09:22

Txapas, akordeoia eskuetan, pailazoen lanetako baten aurkezpenean.

Porrotx, Marimotots eta lagunek ikuskizun berri bat iragarri dute, 'Ostirala iritsi da!', Josu Txapartegi 'Txapas' musikari, idazle eta irakasleari aitortza egingo diona, 'Txapasen liburu magikoa' ipuin eta disko ilustratuaren jarraipena. Katxiporreta kooperatibak iragarri du Pirritxek atseden hartuko duela eta Lore (Joanes Echeveste) pertsonaia berria ariko dela ohiko abenturazale taldearekin.

“Gaur egun berezia da eskolan, Txapas irakaslearen azken laneguna baita. Harekin bizitutako abenturak eta ikasitako gauza polit guztiak ospatzera datoz Pupu, Lore, Porrotx eta Marimotots herriko lagunekin batera. Basoa, jolasak, eskulanak, kantuak, irriak eta bihurrikeriak ez dira faltako. Txapasekin beti da ostirala!", dio Katxiporreta kooperatibak iragarri duen ikuskizun berriaren sinopsiak. Irakasle, idazle eta musikari zarauztarraren abesti ospetsuenetako batetik hartu dute izenburua: Ostirala iritsi da!. Duela urtebete argitaratutako Txapasen kaxa magikoa ipuin eta disko ilustratuaren jarraipena dela adierazi dute egileek.

Ikuskizunaren bidez omenaldia egin nahi die Katxiporretak "Txapasi eta, berak bezala, egunerokotasunean haien balioak eta bizipenak maitasunez eta ilusioz partekatzen dituzten hezitzaile guztiei". Jubilatuta badago ere, horixe bera egiten du astero-astero zarauztarrak, bere ibilbidean zehar sortutako hamaika kantuak partekatzen dituenean ikasgeletako haurrekin. 

Txapasen eta Imanol Urbietaren abestiek "presentzia berezia" izango dute (Xabier Zabala konpositore eta musikariak egindako konponketekin), jolas, natura eta "bestelako sorpresekin" batera. Gidoiaz eta produkzio artistikoaz Katxiporreta Kooperatiba arduratu da eta koreografiez, berriz, Izaskun Forcada. Soinu eta bestelako efektuak Garikoitz Aranzabalen kontu izango dira. Distribuzioa eta harremanak, azkenik, Eli Olaizolak egingo ditu.

Ikasturte honetan zehar egingo dituzte Ostirala iritsi da! ikuskizunaren emanaldiak eta Katxiporretak jakinaraziko duenez horietan ez da ariko Pirritx (Aiora Zulaika), atsedenaldia hartuko duelako. Abentura berri honetan, urterokoaz parte hartzaileez gain, artista berri bat jardungo da, Joanes Echeveste hain zuzen ere. Oso gaztea izanik ere pailazogintzan (Pontx pailazoa) eta aktore lanetan (Go!azen) eskarmentu handia du; Lore pertsonaia interpretatuko du.