Udalak "ahalik eta etxebizitza parke publiko handiena" sortzera bideratutako neurriak proposatu ditu EH Bilduk aurrekontuetarako

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 19a, 10:33

Ezker-eskuin: Sandra Barkaiztegi, Oihan Agirretxe, Esti Garmendia, Uxue Loinaz eta Asier Gorostegi. Argazkia: EH Bildu.

Lasarte-Oriako EH Bilduk lehen harremana izan du udal gobernuarekin datorren urteko aurrekontuak lantzeko bidean. Zentzu horretan, jakinarazi du oposizioko alderdiek ez dutela jaso oraindik proposamen dokumentua, baina, "arduraz eta herriarekiko konpromisoz", koalizio subiranistaren udal taldeko zinegotziek neurri sorta bat helarazi dietela sozialistei eta jeltzaileei, beraientzat "estrategikoak" diren lan ildoei buruzkoak: etxebizitza, udaleko Gizarte Zerbitzuen saila, herriko elkarte eta eragileak, hezkuntza eta espazio publikoak, besteak beste.

EH Bilduren aburuz, "ahalik eta etxebizitza parke publiko handiena" sortu behar du udalak eta horretarako izango liratekeen neurri ugari proposatu dizkio udal gobernuari: etxebizitza hutsen gaineko azterketa egitea; lan hori burutu ahal izateko Errenta saila indartzea eta teknikari bat kontratatzea; eta apartamentu hutsak dituzten eta alokairura bideratu nahi dituzten jabeei dirulaguntzak ematea, baldin eta bizitokiak horretarako egokitu behar badituzte. Horrez gain, Kotxeraseko eremuan udalari dagokion jabetza guztia "politika publikoetara bideratzeko konpromisoa" hartzea galdegin dio.

Herritarren ongizatea "indartzeko"

Etxebizitzarena ez ezik, beste alor batzuk ere funtsezkoak dira EH Bildurentzat, esate baterako, udaleko Gizarte Zerbitzuen saila indartzea. Horren harira beharrezkoa iruditzen zaio bi gizarte langile gehiagoren lanpostuak sortu eta betetzeko diru partida bat gordetzea, baita departamentu horretako profesionalen zaintzara eta eguneroko jardunean hobekuntzak sustatzera bideratutako saioek datorren urteko aurrekontuetan isla izatea ere. Horrez gain, administrazio lanpostu bat sortu eta betetzeko adina diru jasotzea ere galdegin dio udal gobernuari.

Bestalde, udal taldeak Berdintasun saila sortzeko urratsak egiten hasi nahi du eta horretarako bigarren teknikari baten lanpostua sortu eta bete behar dela adierazi du. Halaber, indarkeria matxista kasuak artatzeko protokoloa abian jarri behar dutenean, udalaren espazio bat "behar bezala egokitzeko" beharra nabarmendu du. 

Adineko pertsonei dagokienez, EH Bilduk beharra ikusten du zaintza plan bat egiteko, "parte hartze prozesu bidez eta herrian inplikatutako eragile guztiekin batera". Horri lotuta, zaintzaileentzako eta zainduak diren pertsonen familientzako formakuntzara dirua bideratzea interesgarria iruditzen zaio.

EH Bilduk kontuan izan ditu baita ere bazterkeria arrisku egoeran dauden pertsonak. Horien etxebizitza eskubidea bermatu eta gizarteratzea sustatze aldera, "izaera komunitarioa izango duen eta etxebizitzan oinarrituko den programa bat" martxan jartzeko dirua gordetzea proposatu dio udal gobernuari. Lasarte-Oriara bizitzera etorri eta etorriko direnentzat, berriz, "harrera protokolo integral bat" sortzeko beharra aldarrikatu du. Horretarako, beharrezkoa iruditzen zaio egoeraren diagnostikoa egin eta aipatu plan hori garatzeko behar adina diru gordetzea aurrekontuetan.

Herriko elkarte eta eragileen beharrak

Lasarte-Oriari bizia ematen dioten herriko elkarte eta eragileen jarduna bultzatzeko neurriak ere jaso ditu EH Bilduk bere proposamenean. Gauzak horrela, talde horien beharren diagnostikoa egiteko dirua gordetzea eskatu dio udal gobernuari. Behin azterketa hori eginda eta beharrizanen zerrenda mahai gainean, udalarenak diren lokalak esleitzera ere dirua bideratzea galdegin dio.

Espazioekin jarraituta, kasu honetan publikoak direnekin, erdigunean aterpe bat eraikitzeko proiektua prestatu eta egikaritzea proposatu du koalizio subiranistak. Hezkuntzari dagokionez, berriz, eskola kontseilua indartu beharraz eta udalerriko hezkuntza plan integrala diseinatzeaz aritu da. Azkenik, beharrezkoa iruditzen zaio herriko memoriaren artxibo historikoa gorde eta zaintzeko azterketa bat egitea. 

Proposamen horiek guztiak helarazi dizkio udal gobernuari dagoeneko: "Hurrengo egunetan lanean jarraitu eta adostasunetara iristeko prestutasuna adierazi dizkiogu".