Beñat Gaztelumendi Arandia bertsolari añorgarra izan da garaile, eta horri esker lortu du abenduaren 14an Donostian jokatuko den finalerako zuzeneko pasea. Bere atzetik, Labaka herritarra izan da puntu gehien lortu dituena; 552 punturekin bigarren sailkatua izan da. Gauzak horrela, Zarautzen (hilaren 24an) eta Arrasaten (abenduaren 1ean) finalerdiak jokatuko dituzten gainerako partaideen puntuazioaren arabera erabakiko da finaleko bere parte hartzea. Abenduaren 1ean argituko da hori.
Hasierako eta bukaerako agurrak kenduta, bost ariketa egin behar izan ditu, lasarteoriatarrak, mikro aurrean. Ane Ezenarro Beristain gai jartzaileak agindutakoari jarraituta, askotariko testuingurutan kokatuta egin behar izan du kantuan; Gipuzkoa airetik grabatzen ari den drone-erabiltzailea izatea egokitu zaio, eta, Asier Azpiroz (saioan parte hartu duen den beste bertsolarietako bat) tatuatzailearen bezero gisa ere aritu da hitz neurtuan.