Italiatik eta Frantziatik herrira ekarri ditu Zero Settek aurtengo erakustaldiko protagonistak. Ohi bezala, Ainhoa Aiertzak aurkeztu du saioa eta oholtzara deitu duen lehen gonbidatua Samuele Telari izan da. Bakarlari, instrumentalista eta akordeoi irakasle italiarrak hainbat nazioarteko jaialditan parte hartu du bere ibilbidean, Europan barrena kontzertuak eman ditu eta 2018an Arrasate Hiria Lehiaketan garaipena lortu zuen.
Lehen pieza jo ondoren, altxa egin da bertaratutakoen txaloak jasotzeko eta ur botilari tragoa egin ondoren, hurrengo lauak jarraian jo ditu, bariazioak tarteko, txalorik ez egiteko eskatu baitu; aurkezleak ohartarazi duenez. Adi jarraitu dituzte bertaratutakoek akordeoi jotzailearen eskuen mugimenduak eta intentsitatean gorabeherak, malenkoniatik zeuden doinuak eskainiz. Bosgarren pieza amaitu duenean, txalo zaparradaz gain, zenbait "bravo" ere oihukatu dizkiote.
Bestelako doinuak
Emanaldiak ia ordubeteko bidea egina zuen, Telari agurtu eta Aiertzak Beier-en ibilbidea gainbegiratu duenean. Musikari, egile, konpositore eta moldagilea, erregistro bakarrera mugatu beharrean, akordeoia moldagarri bilakatu du, jazzaren, musika herrikoiaren eta fusioaren zaletuak erakartzeko gai dena. "Bere erritmo, teknika eta sormen sutsuak hitzik gabe utziko gaituzte", aurreratu du aurkezleak. Eta asmatu du.
Doinu artean, ezjakinenak ere atzeman du The Police taldearen Every breath you take edota Nino Rotak El padrino filmerako idatzitako kanta italiarra. Tradizio frantsesari helduz, valtz bat ere jo du eta jazzak edo erritmo brasildarrek ere ez dute hutsik egin bere bakarkako saioan. Melodika ere jo du, harmonika eta akordeoi baten arteko uztarketa, putz eginez eta botoiak sakatuz musika sortzen duen tresna.
Ixteko, opariak
Bi orduetara bidean bukatu duenean, Telari deitu du agertokira. Beier hasi da azalpenak ematen, baina Aiertzak hartu du hitza. "Ikaragarria da ikustea nola musikari bakarlari batek, kasu honetan akordeoilariek, beren talentu eta pasioarekin Manuel Lekuona kultur etxea doinu ederrez jantzi eta apaindu duten", adierazi du. Ondoren, bertaratutakoentzako "opari gisa", bi gonbidatuek soinu frogan lehenengoz elkarrekin jotzea erabaki dutela azaldu du.
Oparia jaso eta gogotik eskertu du publikoak, baina musikariak ez dira esku hutsik joan. Lehenengo hitzez eman dizkie eskerrak aurkezleak, eta ondoren, Willy Berasaluzek egindako oroigarri bana eman diete musikariei Agustin Valdivia alkateak eta Zero Setteko zuzendari Jose Manuel Crespok.
Agurrekoan, hilaren 22an, ostirala, Santa Zezilia eguna dela gogoratu du Aiertzak, musikarien patroia, eta hauek egiten duten lana aitortu die.