Baserriko produktuen erakusleiho bilakatu dute Okendo plaza

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 16a, 14:28

San Martin eguna izan zen astelehena eta haren bueltan baserriko produktuen azoka aurrera eraman dute larunbat goizean Okendo plazan. Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak elkarlanean antolatu dute hamargarren aldiz eta gaur ere herritarrek kalitatezko produktu freskoak ekoizleei zuzenean erosteko aukera izan dute, baita haiei buruz galdetu edo probatzeko ere. Barazkiak, lore eta landareak, eztia, gazta, patea, ogia... askotariko eskaintza izan dute zabalgunean jarritako dozena bat postutan. Horien artean, lasarteoriarrak Telleria baserria eta hazi ekologikoen ekoizlea izan dira. Eguraldi atsegina lagun izan dute saltzaileek, eta lehen orduan jende gutxi bazebilen ere goizak aurrera egin ahala herritarrak bertaratzen joan dira, eta erosi ere askok egin dute.