Sasibill Elkarte Lirikoak Neska bihurria (La Revoltosa) zarzuelaren emanaldia egin du ostiral iluntzean Manuel Lekuona kultur etxean. Auditorioa bete egin dute herritarrek bere libretoaren eta Ruperto Chapiren muskaren maisutasunagatik genero horretako obra onenetakotzat jotzen denaz gozatzeko. Preludioa ilunpetan jo dute musikariek, oihala itxita eta partiturak irakurtzeko argi txiki batzuek bakarrik argiztatuta. Hori amaituta, ehuna zabaldu, eta Madrilgo auzune bateko patioa bistaratu dute bertaratutakoek. Bizilagunak aztoratuta ditu Mari Pepak; gizonezkoak bere edertasunak liluratu dituelako eta emakumezkoak, berriz, beren senarrak limurtzen dituelako. Itxuraz, Felipe da eragin ez duen bakarra; eta elkar mespretxatu arren, bata besteaz erabat maiteminduta daude. Bikotearen eta bizilagunen arteko gorabeherek barre eta irribarre ugari eragin dizkiote publikoari.