"Eremu naturala eta ondare kulturala" den zerua zaintzeko

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 15a, 14:06

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ipuin-disko ilustratu berria argitaratu dute, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean: 'Zerua lapurtu dute!'. Hiru pertsonaia horiek Birtxi farozaina izango dute bidelagun bidaia honetan eta erakutsiko dute zeinen garrantzitsua den natura zaintzea. Helburua da argi kutsaduraren eta pantailaren erabileraren kalteak azaleratzea, ohi bezala, modu dinamiko batean.

Leire Bilbaok idatzi du ipuina eta Karmele Gorroño Irrimarra-k ilustratu du. Abestiak, berriz, Xabier Zabala musikariak sortu eta moldatu ditu diskorako. Hamazazpi kantuetatik lau dira Bilbaoren hitzekin proiektu honetarako espreski sortutakoak: Altxa burua, Nanoplaneta, Piztu iluna eta Ipurtargia. Proiektu pedagogikoaren sustatzailea, esan bezala, Aranzadi da, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Zientzia elkarte horretako kideek aldarrikatzen dutenez, "eremu natural eta ondare kulturala" da zerua.