Bi aste pasatxo igaro dira tanta hotzaren ondorioz Valentziako (Herrialde Katalanak) hainbat herri urak hartu zituenetik. Sekulako hondamedia eragin du denboraleak –oraindik ere leku asko lokaztuta daude– , baina hori baino handiagoa izaten ari da, hala izan badaiteke, dozenaka eta dozenaka boluntarioren elkartasun olatua. Asko eta asko dira material eta produktu bilketak aurrera eramaten ari direnak, eta, badira ere, Valentziara esku bat botatzera joan direnak, horien artean, Gurutz Iturbe Urretabizkaia (Lasarte-Oria, 1979) herritarra; bere lekukotza biltzeko aukera izan du TXINTXARRI aldizkariak, informazio pieza hau osatzeko: "Orain arte inoiz ikusi dudan dimentsio horretako hondamendi baten ondorioak ikusi ditut aurrez aurre". Suhiltzailea da ogibidez, eta iragan astean, lau egunez, etenik gabe, lanean aritu da, boluntarioa, Massanassa herrian.
Nola sortu zitzaizun Valentziara boluntario joateko aukera?
Suhiltzaileok horrelako hondamendiak-eta gertatzen direnean, prest egoten gara zerbitzu gisa. Komunikabideen bitartez Valentzian jazotakoa latza zela ikusten genuen arren, ez gintuzten aktibatzen. Horren aurrean, zain egotea besterik ezin izan genuen egin, izan ere, norbera, zibil gisa joan daiteke, baina kasu horretan, guk suhiltzaile gisa eraman genezakeen tresneriarik eta baliabiderik gabe.
Larunbat arratsaldean –hondamendia gertatu eta lau egun geroago– dei bat jaso genuen, ziurrenik Valentziara joateko abisua jasoko genuela esanaz. Valentziako komunitateak oraindik horretarako baimenik ez zuela eman, baina berehala irits zitekeela esan ziguten, eta, badaezpada, prest egoteko. Gauerdian jaso genuen abisua; 07:00etan Valentziara gindoazela baieztatu ziguten. Gauzak horrela, ordu horretan suhiltzaile parkeetan bildu ginen, eta gutxi gorabehera gure eginbeharrak zeintzuk izango ziren jakinda, eraman beharreko material guztia bildu eta Valentziara abiatu ginen.
Zer eraman zenuten hemendik?
Batik bat generadoreak, ura xukatzeko bonbak, mangerak eta tresneria mekanikoa eraman dugu, baita rotaflexen bat eta trontzadorak ere.
Nolako bidaia izan zen?
Gipuzkoako suhiltzaile parkeetatik abiatua, lehenengo geldialdia Arkauten, Gasteizen egin genuen. Han, Arabako eta Bizkaiko suhiltzaileekin batu ginen, eta Euskadiko suhiltzaile talde gisa jarraitu genuen bidaia. Konboi hori 09:30ean abiatu zen Gasteiztik, eta bederatzi ordu geroago, 19:00etan iritsi zen Valentziara. Luzea izan zen bidaia; atoiak eta garraiatzen ditugunean ezin dugu 90 kilometro orduko abiadura gainditu.
Hara iritsi, eta?
Alfajar izeneko herria izan zen gure lehen geldilekua. Bertako buruzagiek erabaki zuten aipatu leku horretan dagoen saltoki handi baten aparkalekua izango zela guk lehen gaua igarotzeko lekua. Gauzak horrela, DYAk ekarritako kanpamentua montatu, dena prestatu eta hor igaro genuen lehen gaua. Goiz oheratu ginen, bagenekielako goizean goiz martxan jarri beharko ginela.
"Zailtasunak zailtasun, aparkaleku horietako ura husten gindoazen heinean, egoerak beste itxura bat hartu zuen"
Lehen gaua igarotzearekin batera iritsi zen lehen lan eguna?
Astelehena zen, hilak 4, eta 06:30erako prest geunden. Massanassa izeneko udalerri batera bidali gintuzten eta orduan ikusi ahal izan nuen, aurrez aurre, denboraleak eragindakoa. Gu izan ginen hondamendia gertatu zenetik hara iritsi zen lehenengo laguntza, erreskatze taldea.
Zer topatu zenuen bertan?
Komunikabideen bitartez-eta jasotzen genituen irudietan ikusten nuen gertatutakoa latza izan zela, baina, areago iruditu zitzaidan, zuzenean hara iristean. Suhiltzaile gisa egoera zail eta gogorren lekuko izatea egokitu izan zait, baina Valentziakoak beste dimentsio bat du. Zaila egiten zait pentsatzea horrelako tamainako beste hondamendi baten lekuko izango naizenik. Han dena, ezker-eskuin, gora-behera txikituta topatu dugu.
Urak hartutako garajeak husteko lanetan aritu zinen.
Bai. Pilatutako autoz, eta portalez betetako kale batera bidali gintuzten lanera. Bi garaje daude bertan; lur azpitik lehen solairuan horietako bat, eta bi azpitik bestea. Biak, noski, urak erabat hartuta zeuden.
Horiek husteko 11 suhiltzaileko talde bat osatu, eta lanerako beharko genuen material guztia eskura jarri genuen: ura xukatzeko bonbak, argia sortzeko generadoreak, eta abar. Hori eginda, lanean hasi ginen; hiru egunez ura garajeetatik atera eta atera ibili ginen.
Garajeetatik atera behar genuen ur hori guztia husteko behar genuen lurreko kutxatila bat topatzea lortu genuen, baina, guk xukatzen genuen ur kopurua baino gutxiago xurgatzen zuen horrek. Horren aurrean, beste pare bat edo hiru kutxatila gehiago topatzeko lanetan aritu ginen. Aurkitu genituen, baina, horietako bat edo beste brearekin estalita zeudenez, mailu eta zizelarekin joaz bi irekitzea lortu genuen. Horiek ura bertatik bideratzeko erabilgarri jartzea lortu genuen. Zailtasun horiek gaindituta, aparkaleku horietako ura husten gindoazen heinean, egoerak beste itxura bat hartu zuen.
"Zaila egiten zait pentsatzea horrelako tamainako beste hondamendi baten lekuko izango naizenik"
Zailtasunak aipatu dituzu. Zer izan da zailena?
Hori izan zen zailena edo okerrena; isurbide horiek operatibo jartzeko lanak. Une batzuetan, behar baino arrisku gehiago ere hartu genuen, eta hori ere... Nik, zorionez minik ez dut hartu, baina lankide batzuk zauriak egin dituzte. Badeadoreak jantzita aritu ginen lanean, eta horien azpitik nik arropa neraman, baina lankideek ez eta horren ondorioz, zauriak egin zituzten. Eskerrak DYAko boluntarioek sendaketak eta egiten zituzten.
Hustutako garaje horietan zeuden autoak ere banan-banan begiratu behar izan zenituzten.
Bai, hori da. Zorionez, ez batean, ez bestean ez genuen hildakorik topatu.
Lan ordu luzeko egunak izan ziren.
Bai, 12 orduko lan saioak egin genituen. Nekea sentitzen genuenean, ahal bagenuen edozein txokotan atseden hartzeko 10 minutuko tarteak-edo hartzen genituen, baina lan eta lan aritu ginen.
Zer jaso zenuten bertakoengandik?
Asko estimatzen gintuzten, oso eskertuta agertu dira uneoro guk egindakoarekin. Pentsa, hondamendia gertatu zenetik, gu iritsi arte lauzpabost egun egon ziren inolako laguntzarik gabe. Horietako bakoitzak bere gisara, eta eskura zituen baliabideekin egin zuen ahal izan zuena.
Gu lanean aritutako kalean adineko jendea bizi da gehien bat. Oso zaintzaile jokatu dute gurekin; etengabe esaten ziguten eskatzeko behar genuena, kafetxo bat edo jatekoa adibidez.
Zer ekarri duzu Lasarte-Oriara?
Nik egin ahal izan dudana egin izana. Hori, ordea, huskeria bat baino ez dela izan pentsatzen dut tarteka, oraindik ere lohiak hartuta jarraitzen dutelako kaleek eta lan asko-asko dagoelako egiteke. Argi dago, ordea, egin dudan apur hori ere baliagarria izan dela. Hainbestekoa da txikizioa... horri buelta emateko egin beharreko lana izugarria da oraindik.
Hori hala izanik, uste duzu berriz ere hara joateko deia jasoko duzuela?
Bai, hala izan da. Asteon joan dira beste lankide batzuk. Nik, ordea, lankide batek joateko nahia zuenez, bera Valentziara joatea eta ni hemen, bere lanak egiten geratzea adostu dugu.