Pintxoz pintxo egingo dute bidea

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 14a, 16:36

Aterpea merkatarien elkarteak X. Pintxo Bidea aurrera eramango du datorren astean, hilaren 22, 23 eta 24an. Hori iragarri eta bertan parte hartuko duten mokaduen aurkezpen eta dastaketa egin dute gaur Semblante Andaluz elkartean. Suharri jatetxeko Xabier Santxo izango da epamahai profesioanala, eta, berarekin batera, herriko zenbait elkarte gastronomikoetako ordezkariak

Herriko bost taberna zein jatetxek –sei ziren hasieran, baina azken unean horietako batek huts egin du. Sariketa profesionaletik kanpo geratu den arren, ibilbidean parte hartuko du, eta herritarren gustukoena erabakitzeko norgehiagokan ere– kozinatutako mokaduak dastatu ditu Xabier Santxo sukaldariak eta herriko lau elkarte agstronomikoetako ordezkari banak (Buruntz-Zazpi, Palomo Linares, Virgen de Guadalupe Extremadura Etxea eta Saustatxo). Horiek osatu dute epamahai profesionala, nahiz eta sukaldariaren iritziak besteenak baino apur bat gehiago balioko duen. 

Lehiaketara aurkeztutako jaki bakoitza mahai gainean aurkeztuta, guztiei "sekulako itxura" hartu diela azaldu du Santxok. Horiek banan-banan probatu ditu eta urarekin ezkondu, mokadu bakoitzaren osagaien zaporeak elkarrekin nahas ez zitezen. Elkarte gastronomikoetako ordezkariek, Santxok bezela egin dute; horiek ere ura edan dute mokadu eta mokadu artean, baina, izan da freskagarri bat aukeratu duenik ere. 

Papera eta boligrafoa eskuetan hartuta bildu dituzte denek ala denek euren iritziak, eta dastaketa amaitutakoan, sobre batean gorde dituzte euren kalifikazio horiek. Pintxo bidea amaitu eta herritarren iritziak jaso ostean, jakinaraziko da epamahai profesionalaren irabazlea nor den. 

Hauek dira aurtengo pintxo bidean parte hartuko duten mokaduak: 

  1. Araeta sagardotegiaren txangurro erregosi gyoza itsaski krema eta azafrai krokantearekin.
  2. Arkupe tabernaren galeper arrautzak bexamel eta mamiekin.
  3. Buenetxea tabernaren olagarro eta otarrainxka entsaladila ziape eta ezti saltsarekin.
  4. La Geselinaren oilaskoa ziape eta ezti saltsarekin, piper erreak eta rukula.
  5. Herriko Etxearen olagarro frijitua hirugihar eta gazta terrina gainean, kimutxi patata min kremaz lagunduta.
  6. Arima gastrotekaren izokin eta aguakate natxoak rukula, tomatetxo eta siratxa saltsarekin.