Urte horietako guztietako jaialdien errepasoa egin dute jarraian. "Hasieratik, lehenengo pausotxo xume horietatik, argi izan genuen jalgunetarrak protagonista izango ziren zerbait egin nahi genuela: heldutasunera heltzeko, arduratzeko, arazoak konpontzeko, emozioak kudeatzeko...eta, batez ere, harreman sozialetan segurtasuna lortzeko". Bide horretan "zerumuga desberdinak" ireki eta "komunitate sarea" zabaldu dutela adierazi dute: "Jaialdiari esker, urte hauetan guztietan pertsona asko ezagutu ditugu eta baita artearen adierazpen mota ugari ere".
Helburuak, "bikain" beteta
Jaialdiz jaialdi "hurrengo fase berri baterako" prestatu dira jalgunetarrak, "aukeraz eta erantzukizunez betetako" etapa baterako. "Familia guztietan bezala, batzuetan zaila da jakitea noiz gauzak egiten utzi eta noiz baimena eman, baina, momentua iristen denean, haiengan kofiantza dugula erakutsi behar diegu. Esan eta egin!". Norabide horretan, helburuak "bikain" bete dituztela azpimarratu dute, nahiz eta jakitun diren heltze eta garatze prozesuan jarraitu behar dutela. Hori esanda, iragarri dute "prest" daudela adin nagusitasuna betetzeko, handi egiteko eta kategoriaz aldatzeko. "Laburbilduz, maila berri bat gainditu dugu. Aurten goi mailakoak gara!".
Azalpenen tartea amaituta, parean zituzten udal korporazioko kideak (PSE-EE, EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Podemosekoak) taldera batu dira eta argazkia atera dute elkarrekin.
Azken urteetan bezala (2019tik ari gara Jalgunerekin elkarlanean), TXINTXARRI aldizkarikook oso-osorik grabatuko dugu Larunbatak gustuko ditugulako jaialdia eta www.txintxarri.eus atari digitalean argitaratuko dugu ondoren. Horrekin batera, ekimena iragartzeko kartela (diseinua eta argazkiak) ere jalgunetarrekin batera egin dugu; eskerrik asko lagunok, plazer hutsa izan da!