Jagoba Mendizabal Imaz Ostadar SKTko entrenatzaileak gustura agertu da taldean egindako lanarekin: "Hasieratik ondo ibili ginen. Ate aurrean asmatu genuen. Baina Texas Lasartearrak aukerak ongi baliatu zituen golak egiteko".
Texas Lasartearrak, berriz, ez zuen bere egun onena izan. Erregionalen entrenatzaile Gorka Brit Gallegok onartu moduan, "denboraldiko partidarik txarrena izan da. Ez dugu gure onena, gure maila erakutsi. Ostadarrek merezimenduz irabazi zuen neurketa eta zoriontzea besterik ez da geratzen".
Mendizabal azaldutakoaren arabera erritmo handiko neurketa espero zuen. Eta aurreikuspenak ez zuen huts egin, lehen zatia borrokatua izan zen. Hala ere, talde urdin-beltza hobeto sartu zen lehian eta aukera gehiago sortu zituen. Saiakerek saria izan zuten. Ander Marcos Ugartek kornerra jaurti eta zuzenean atera sartuta aurreratu zen Ostadarreko erregionala.
Zazpi minutu bakarrik iraun zion poztasunak Mendizabalek zuzentzen duen taldeari. Huts baten ondorioz, talde zuri-urdinak berdinketa egin zuen Gorka Dominguez Garciaren eskutik.
Atsedenaldira banako berdinketarekin iritsi eta bigarren zatia indartsu hasi zuen Ostadarrek. Lehen minutuetan erritmoa ezarri eta beste bi gol eskuratu zituen; Beñat Negredo Muñoa eta Endika Izagirre Inza izan ziren golegileak.
Texas Lasartearrak ezin izan zion aurre egin egoerari eta pixkanaka animoak galtzen joan zen. "Bigarren zatiko lehen bost minutuetan, oraindik hotz ginela etorri ziren Ostadarren bi golak eta kosta egin zitzaigun horri itzulia ematea", nabarmendu du Texas Lasartearrako arduradunak.
Hori ikusita, talde urdin-beltzako jokalariak baloia gehiago konbinatzen saiatu ziren. Erasoan "komodo eta disfrutatzen" jokatzen ari zirela, defentsan huts egin eta Fernando Martin Rodriguezek Texas Lasartearraren bigarren gola egin zuen.
Hala ere, Ostadarrek bere jokoa egiten jarraitu eta aukera askoren ostean, Ivan Gomez Rodriguezek laugarrenez bidali zuen baloia sarera..
Neurketako azken minutuetan biribildu zuen Mendizabalen taldeak neurketa Eneko Marcos Ugarteren eskutik.
Bigarren itzulia dute orain aurretik erregional mailako bi taldeek. Multzoko gainerako aurkarien aurka jokatu behar duten arren, Texas Lasartearrako entrenatzaile Britek "lanean jarraitu eta bigarren itzulian emaitza aldeko izatea espero dugu" onartu du.
Lehen sailkatuen aurka
Hurrengo jardunaldian, neurketa gogorrak izango dituzte herriko erregional taldeek etxean; multzoko lehen bi postuetan dauden Trintxerpe eta Urnieta izango dituzte aurrez aurre.
Texas Lasartearrak sailkapen buru den Trintxerperi egin beharko dio aurre; Ostadarrek, berriz, urnietarren aurka jokatuko du.