Eguzki ISU Leihoak taldeak denboraldiko lehen porrota jaso du

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 13a, 10:30

Eguzki ISU Leihoaken denboraldi hasiera ederrak etena izan du. III. mailan jokatutako lau jardunaldietatik hiruretan garaipena erdietsi du Lander Martin Llagunok zuzentzen duen taldeak, baina hilaren 9an, Maialen Chourraut kiroldegian, Ekin Oria Futsal taldeak 2-6 gainditu zuen talde hori-beltza

Partida borrokatua izan zen lehen zatian. Bi taldeak paretsu aritu ziren erasoan, baina kontra batean aurkaria izan zen markagailua ireki zuena eta gutxira, huts baten ostean, bigarren gol bat ere egin zuen.

Etxeko taldeak ez zuen amore eman, ordea; Unax Ruiz Francoren gol bati esker, 1 eta 2koa jarri zuen etxeko taldek eta ostean, berdintzeko aukerak ere izan zituen.

Eraso-kontraeraso joko horretan Eguzki ISUk beste bi akats izan eta ongi baliatu zituen Tolosako taldeak atsedenaldira 1 eta 4koarekin joateko.

Hala ere, etxeko jokalariak gogotsu atera ziren bigarren zatian eta Martin entrenatzailearen hitzetan, "ongi egin genion aurre aurkariari". Bizpahiru aukera sortu zituzten talde hori-beltzeko kideek bigarren gola egin baino lehen; korner batean Roke Etxezarreta Irazustaren eskutik eskuratu zuen etxeko taldeak. 

Neurketa amaitzeko hamabost minutu faltan atezain jokalariarekin jokatzea erabaki zuen Martinek, baina ez zuen fruiturik jaso. Aurkariak, aldiz, beste bi gol egin zituen.