Igeriketa taldeko zortzi kide izan ziren lehian –June Apeztegia, Izaro Bautista, Aiala Erro, Aitor Ormazabal eta Lier Garmendia 2012 urteko haurren mailan eta Kerman Miguel, Irai Jauregi eta Urko Azpiazu 2013 urtean jaiotakoen kategorian– eta guztiek euren markak ontzea lortu zuten.
Igerilari gazteek bi probetan egin zuten igeri: bular estiloko 100 metro proba eta estilo libreko 4x50 m. errelebo mistoa. Eta saioa hasi aurretik, berrikuntza modura, 1x25 m. krol hankak proba ere eraman zuten aurrera. Horretan generoak nahastuta egin zuten borroka eta taulaz lagunduta.
Igeriketa taldeko arduradunak pozarren daude lehen jardunaldian kirolari gazteek egindakoarekin: "Euren burua proban jartzeko parada ederra izan zuten denek eta, markak alde batera utzita, igeriketa teknikan eta taktikan lan egiteko aukera ona baliatu zuten".
Horrez gain, jardunaldian laguntzen izan ziren boluntarioei "eskerrik beroenak" eman nahi dizkiete Buruntzaldea IKTko arduradunek.
Hurrengo hitzorduak
Alebinek hurrengo hitzordua prestatzeko aukera izango dute; hilaren 23an, Ordizian jokatuko da bigarren saioa. Bakarka 200 m. lau estilo eta 100 m. libre saioak egingo dituzte eta erreleboan, aldiz, 4x100 m. estilo librea. Hasiberriek, bestalde, 50 m. bizkar proba ere gauzatu beharko dute.
Baina aurretik, hilaren 16an, taldeko absolutu, junior eta infantilak izango dira lehian Hernanin; Neguko Liga jokatuko dute.