Lehenik jubenilen 1. mailako norgehiagoka izan zen. Jarraian, nagusien 3. mailako partida lehiatu zen. Horretan Lasarte-Oriako Intza elkarteko Jon Pello Artetxe Mendizabal eta Peru Urdanpilleta Rodriguez kideek Eibar 2 bikoa (Ibon Ibarra Areta-Ander Agirresarobe Unamunzaga) izan zuen aurrez aurre. Nahiz eta Intzako kideek partida ona egin, ezin izan zuten garaikurra jaso.
Etxeko taldea sendo izan zen eta nagusitasunez garaipena erdietsi zuen, 22-4. Ibarra aurrelari gaztearen jarduna nabarmendu dute Intzako arduradunek, "18 urte dituen arren, ongi kudeatu zuen finala. Sakean min egin zuen eta jokoa ere ongi irakurtzen zuen. Atzean ere Agirresarobe fin ibili zen. Guk ongi jokatu arren, ez zen nahikoa izan".
Txapelik ez, baina 2. mailako igoera eskuan Intzako kideak pozarren daude egindako txapelketarekin, "igoera lortuta helburua betea genuen. Finala opari bat izan da".
Neguko txapelketa
Ezker Hormako txapelketa amaituta abendura bitartean Neguko txapelketa jokatuko dute Intzako ordezkariek. B multzoan Intxurre, Tartaloetxe, EPLE 1 eta Azkoitia Oteiza 2 izango dituzte aurkari herritarrek. Lehen jardunaldian atseden izango dute Lasarte-Oriako ordezkariek.