0 kilometroko produktuen salmenta puntu bilakatuko da Okendo plaza

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 12a, 13:39

San Martin Egunaren bueltan aurrera eraman ohi dute Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak Baserriko produktuen azoka. Gauzak horrela, larunbat honetan, hilak 16, egingo dute aurtengoa, Okendo plazan

Askotariko baserriko produktuak erosteko aukera ederra izango dute lasarteoriatarrek larunbat honetan, hilaren 16an. X. aldia izango du aurtengoa aipatu egitasmo horrek, eta "aukera paregabea" izango ekoizleek 0 kilometroko produkuak erakutsi eta saltzeko. Hala nabarmendu du Ainhoa Amundarain Behemendiko ordezkariak, eta, nabarmendu lehen sektoreak azken urteetan bizi duen krisiari aurre egiteko  gisa horretako azokek duten garrantzia. Agustin Valdivi alkateak eta Soziekonomia batzordeburu Nurua Fernandezek gaineratu dute baratzeko "kalitatezko produktu freskoen salmenta zuzena gauzatzeko erakusleiho bikaina" dela azoka. 

Arestian esan bezala, aurtengoa, herrian egingo duten hamargarrena izango da, eta 12 ekoizlek parte hartuko dute. Horien guztien artean bi izango dira Lasarte-Oriako ekoizleak: Telleri baserria eta hazi ekologikoen ekoizlea. Horiekin batera izango dira baita ere, behi eta ardi gazta eskainiko duten postuak, edota, ogi eta gozogintza artisauarena, besteak beste. Goizeko 09:00etatik 14:00etara izango dira horiek guztiak Okendo plazan, beraz, bost orduko tartea eskainiko dute erosketak egiteko. Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte azokara joan eta produktuak eros ditzaten.