Eguerdiko hamabiak jotzear, bazebiltzan herritarrak Antonio Mercero aretoan: karro bete arropa eta material zekartzaten batzuek eta hori dena antolatu eta kaxetan sartzen ari ziren beste batzuk. Azken horietako bat da Marisa Iñigo, Valentziako denboraleak kaltetu dituenekiko elkartasun ekimena martxan jarri duen boluntario taldeko kideetako bat. "Ahal dugun guztian ari gara laguntzen, gutako bakoitzak dituen baliabideekin". Baliabide horiek dira denbora, elkartasuna, auzolana eta baita gasolina eta ibilgailuak ere, bildutako guztia kaltetutako eremura garraiatzeko.
Antonio Mercero aretoko sarreran zintzilikatu dituzte zenbait kartel. Bertan ikus ditzakete herritarrek sortu berri duten eragilearen webgunea, Instagram kontua, ordutegia (ikus azpiko taula) edota behar duten materiala, kategoria hauetan sailkatuta: lanerako, animalientzako, higienerako, jateko eta edateko, janzteko, gaixotasunak artatzeko edota jostatzeko. Horrez gain, hasi dira biltzen haurrak eramateko karro eta bestelako tresnak, linternak, pilak, LED argiak, motxilak eta erosketetarako karruak, baita janari beroa prestatzeko tresnak ere.
| EGUNA | ASTELEHENA | ASTEARTEA | ASTEAZKENA | OSTEGUNA | OSTIRALA | LARUNBATA | IGANDEA |
| GOIZA | ITXITA | 11:00-13:00 | 11:00-13:00 | 11:00-13:00 | 11:00-13:00 | 11:00-13:00 | 12:00-14:00 |
| EGUERDIA | ITXITA | ITXITA | ITXITA | ITXITA | ITXITA | ITXITA | ITXITA |
| ARRATSALDEA | ITXITA | 17:00-20:00 | 17:00-20:00 | 17:00-20:00 | 17:00-20:00 | 17:00-20:00 | ITXITA |
Larunbat honetan salbuespena egingo dute eta ordutegi jarraituan lan egin, Donostiako Motard motorzale elkartearekin batera txokolate jan solidarioa egingo dutelako bilketa eremutik gertu, 10:00etatik 18:00etara. Bestalde, areto sarreran bitxi batzuk jarri dituzte salgai, produktuak Valentziara eramateko behar duten gasolina ordaindu ahal izateko. Horri lotuta, joan den asteburuan egin zuten aurreneko entrega, sare sozialetan jakinarazi dutenez:
Ver esta publicación en Instagram
Materiala ez ezik boluntarioak behar dituztela azpimarratu dute eragileko kideek. Interesa dutenak aipatu ordutegian bertara daitezke Antonio Mercero aretora edo voluntariosdelasarteoria@gmail.com helbide elektronikora idatzi, beraiekin harremanetan jartzeko.
Elkartasun ekimen gehiago
Dana denboraleak eragindako kalteak argitara atera eta egun gutxira ekimen solidario bat baino gehiago martxan jarri dute lasarteoriatarrek. Arranbide kalean, esate baterako, materiala bildu eta Reale Arenako gunera eraman zuten.
Egun batzuk geroago, Okendo plaza inguruan ibili zen herriko gazte talde bat, Valentziako kaltetuei laguntzen ari diren boluntario eta langileentzako premiazko materiala jasotzen.
Hori gutxi balitz, Gurutz Iturbe suhiltzaile lasarteoriatarra bertan izan da lanean egun batzuez. Ostiraleko aldizkarian argitaratuko dugu berari egindako elkarrizketa.