Ximon Villalobos patinatzailea, bigarren Behobia-Donostia lasterketan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 12a, 10:15

Ximon Villalobos Alvarez (ezkerrean, gorriz), patinatzaileen podiumean. Arg.: Behobia-Donostia.

Behobia eta Donostia arteko kilometroak jendez gainezka izan ziren hilaren 10ean. Lurraldeko probarik ezagun eta jendetsuena lehiatu zen, Behobia-Donostia. 25.182 parte hartzaile izan ziren Behobiako irteera gunean. Patinatzaile, korrikalari edo lasterkari egokitu ibilbidea osatu zutenen zenbakia 24.970 lehiakiderena izan zen; horietatik 136 lasarteoriatarrak izan ziren eta bat patinatzaileen podiumean izan zen, Ximon Villalobos Alvarez

Irteera puntutik atera eta helmugara iristen lehenetarikoak patinatzaileak izan ziren. Maila horretan Lasarte-Oriako hiru ordezkari izan genituen lehian, hirurak gizonezko mailan eta horietako bat, Tolosako Irristaka taldeko Ximon Villalobos Alvarez lehen sailkatuen artean izan zen.

Lasterketa ederra egin zuen gazteak. Azken zuzenguneko esprintean indarrak falta izan zitzaizkion Villalobosi Aitor Vacas Agorreta garailea gainditzeko (36.26); herritarra segundo eskasera iritsi zen.

Korrikalariak

Korrikalarien probari dagokionez, Chakib Lachgar Lachgar (01.02.19) eta Mireia Guarner Piquet (01.13.54) izan ziren garaileak.

Lasarte-Oriako lasterkariak 133 izan ziren eta Jon Presa Herranz eta Julen Ormazabal Ortega korrikalarien artean lehiatu zen herritar azkarrenaren titulua. Bidea elkarrekin egin zuen bikoak eta Bulebarreko zuzenguneko azken metroetan Ormazabal (01.16.36) segundo batzuengatik aurreratu zitzaion Presari (01.16.39). Emakumeen mailan, Maite Salazar Badiola izan zen herritarren artean lehena (01.31.01). 

Ezkerrean, Ormazabal (700 dortsala) zein Presa (76 dortsala) eta eskuinean, Maite Salazar helmugara iristen. Arg.: Txema Valles Viguera.