Agustin Valdivia alkateak ireki du ekitaldia eta azaldu du berau antolatzeaz arduratu dela "bizikidetzaren eta bakearen alde" lanean ari den Herritar Foroa. Ondoren, bertako kide diren Mari Karmen Ormazabalek eta Ketxus Marcosek hitza hartu dute honako komunikatu hau irakurtzeko:
"Askatasuna zertarako? Pertsonok daukagun libertate antsia onbideratu beharraz ohartarazi du Lourdes Iriondok. Kanta berean, guretzat nahi dugun askatasunaren jabe izaten ba ote dakigun kezkatuta agertu zen. Bat gatozke kantariarekin agertzen duenean inolako mugarik gabeko askatasun gosea ase nahi izatea dela erabakirik errazena, baina horretatik ezin letorkigukeela guztiontzat zor den ongia.
Zerbaitenganako antsia zentzugabeko desioa da; gose instintiboa. Elkarren arteko bizikidetzari inolako begiramenik egiten ez diona. Barka bizi izan bagina bezala jokatzea litzateke gizaki bakoitza bere-berean gotorturik. Baina gizartean bizi izan gara elkarren menpeko garelako eta bakarkeriazko egoera horretan isolaturik bizi nahi duenak ez du hartu nahi besteenganako obligaziorik. Horrela jokatzen duenak, jakina, ezin espero dezake beretzat nahi dituen libertate eta eskubideekin besteek ere arduratuta sentitzea. Libertatea, ordea, ez da lotura guztietatik askatzea. Zertarako behar den askatasuna galdetzen duenean, lagun hurkoa leialki maitatzeko behar dela aldarrikatzen du Iriondok. Leialtasuna, ardura, konpromisoa, obligazioa. Beraz, harreman loteslea.
Libertatearen jabe izateak ondokoekin lotu egiten gaitu, edo, beste modu batera esanda, haurridegoak sortzen dituen lotura askatzaileak lirateke, izakiari legozkiokeen eskubideak betebeharrezko obligazioen antzera bakarrik giza taldean gauza baititezke.
Lourdesen abestia 1968koa da. Ez dugu garaia ahaztu behar. Iriondok orduan ozen kantatzen zuenak bidezkotasun osoa ukatzen zion jatorrizko indarkeriari eta erantzun indarkeriari. Libertatea ez da herrien jostailu. Askatasuna, ez bengantzarako, maitatzeko eta gizaki guztien onerako baizik. Gaur, Memoria Egunean, ostera, horixe bera abestuko dugu".
Euskaraz eta gaztelaniaz komunikatu hori irakurri ostean, Iriondoren abestia kantatu dute ekitaldira bertaratutakoek. Jarraian, larrosa zuriak eskuetan hartu eta Biharraren oroipena eskulturaren esanahia azaltzen duen plaka gaineko lorontzian jarri dituzte gehienek. EH Bilduko kideek, berriz, eskulturaren hiru hilarri totemetako batean jarri dituzte landareak.
Amaitzeko, motibazio politikoko indarkeriaren biktima guztien oroimenez minutu bateko isilunea egin dute.