Tasak eta zergak %3 igoko dira, batez beste, datorren urtean; hondakinen bilketarena, %50

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 8a, 17:14

Herritarrek %50 gehiago ordainduko dute datorren urtean hondakin bilketa zerbitzuagatik.

Datorren urterako ordenantza fiskalak onartu ditu udal korporazioak, HAPO planarekin gertatu bezala, udalerria koalizioan gobernatzen duten PSE-EE eta EAJko zinegotzien aldeko botoekin. Tasa eta zergak %3 igoko dituzte, batez beste: "Ez da erabaki arin bat, baizik eta testuinguru ekonomikoaren aurrean hartu beharreko erantzun arduratsua", adierazi du Agustin Valdivia alkateak. Oposizioko alderdiek proposamena "korrika eta presaka" aurkeztu eta landu izana egotzi diote udal gobernuari.

Esan bezala, datorren urtean %3 gehiago ordaindu beharko dute lasarteoriatarrek oro har, hondakin bilketa tasa izan ezik: hori %50 igoko da "zerbitzuari lotutako kostuak estaltzeko, egungo Europako araudiak eskatzen duen bezala", udal gobernuko kideek azaldu dutenez. Bestalde, alkateak jakinarazi du indarrean dauden onurak mantentzeaz gain, "hiru hobari berri" aplikatzen hasiko direla, "etxebizitzetan energia eraginkortasuna sustatzera" bideratuak direnak nagusiki.

Gauzak horrela, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) %50eko murrizketa izango dute energia eraginkortasunaren sailkapenean A kategoria dutenek; B mailakoek, berriz, %30 gutxiago ordainduko dute. Halaber, ibilgailu elektriko eta hibridoentzako karga guneak jartzen dituzten etxebizitzek %50eko murrizketa izango dute zerga berean. "Gure helburua tokiko jasangarritasuna sustatzea da", azpimarratu du Valdiviak. 

Oposizioaren kritikak

Aurreikuspenak bete dira udal korporazioaren ezohiko bilkuran eta proposamena udal gobernua osatzen duten zinegotzi sozialista eta jeltzaleen botoekin atera dute aurrera. Botoak zenbatu ostean euren txandak baliatu dituzte Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos eta EH Bilduk bozkatutakoa azaltzeko.

"Korrika eta presaka ibili da udal gobernua, beti bezala", adierazi du ELOPeko bozeramaile Miguel Angel Tolosak. "Ez dugu nahikoa denbora izan proposatutakoa aztertzeko, batez ere, hondakin bilketaren tasaren %50eko igoera". Horri lotuta, Tolosak kritikatu du udalak bidalitako informazio gutunean portzentaje zehatza jarri ez izana eta biderik bilatu ez izana igoera hori progresiboki ordaintzea aztertzeko, egoera zaurgarrienean dauden familiei begira batez ere. Gainera, uste du udalak diru gehiago (600.000-700.000 euro) bilduko duela datorren urtean eta ez zaio ongi iruditzen udal gobernuak diru hori zertara bideratuko duen ez proposatu izana oraindik.

Tolosak esandakoa entzun eta gero Valdiviak hartu du hitza, erantzuteko. "Esan duzun diru hori ingresatzen badugu, ikusiko dugu nola erabili datorren urteko aurrekontuak lantzen ditugunean". Eskutitzari dagokionean, erantzun dio "argi eta garbi" jakinarazten zuela igoeraren ehunekoa, nahiz eta gero atzera egin behar izan duen, EH Bilduko zinegotzi Asier Gorostegi zinegotziak gauza berberaz ohartarazi duenean.

Eskutitzean azaldu eta ez azaldutakoaz aparte zenbait gogoeta egin ditu Gorostegik, EH Bilduren botoa azaltzeko txandan. "Kudeaketa nahiko eskasa izan dela iruditzen zaigu eta ezetz bozkatuko dugu", hasi du bere hitzartzea. "Badakigu egoera ez dela errazena baina udal gobernuak badu hori bideratzeko ardura, hori administrazioari egoztea ez zaigu oso bidezkoa iruditzen". Horrez gain, batez besteko igoeraren atzean dagoen azterketa ekonomikoa erakustea galdegin dio udal gobernuari Gorostegik. 

Azkeneko urteetako eskari batzuk ere mahai gainean jarri dituzte EH Bildukoek, hala nola, herriko kultura elkarte eta eragileei "espazioak erabiltzeko erraztasunak" ematea, teknikariak behar dituztenean gastuak ordaintzetik salbuetsita. Etxebizitza hutsen gaineko errekarguari dagokionez, uste dute badela garaia gaiari eutsi eta horren gaineko ordenantza ezartzeko. Halaber, ordenantza fiskalak bezalako gaiak lantzeko "lan mahai teknikoen beharra" nabarmendu dute. "Alderdi guztiok parte hartu behar dugu; badakigu desadostasunak izango ditugula eta zaila izango dela bidea, baina udala irabazten aterako dela uste dugu eta oso prest izango gara horretarako".

Valdiviak erantzun die ondoren. Eskutitzari buruz, esan du gutuna aldatzeko agindua eman zuela erabaki zutenean hondakinak biltzeagatik %50 gehiago kobratuko zutela baina galdu egin zela agindu hori bidean, antza denez. Bestalde, onartu du udal gobernuko kideak ere ez daudela gustura "ordenantza fiskalak onartzeko moduarekin", eta, norabide horretan, "ulermena" eskatu die oposizioko alderdiei: "Urte honetan kontu hartzailea ez dugu izan, apirilean diruzaina ere ez, eta %30eko gainkarga izan dugu alor horietako bakoitzean. Udal gobernuko kideok lan nekaezina egin dugu dokumentua ahalik eta ongien prestatu ahal izateko".