Udal gobernua: "Lasarte-Oriaren etorkizuneko oinarriak jartzen ari gara"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko azaroaren 8a

Agustin Valdivia eta Jon Antxordoki, balorazioa egiten. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.

Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriaren gaineko balorazioa egin du udal gobernuak. Agustin Valdivia  (PSE-EE) eta Jon Antxordokik (EAJ) dokumentuaren ildo nagusiak aletu dituzte prentsaurreko batean: "Ez ditu soilik udalerriaren berehalako beharrak landuko, hurrengo 10-15 urteetarako bide orria ere izango da". Norabide horretan, balioan jarri dute Babes Ofizialeko etxebizitzei emango dien "bultzada".

Valdiviak eta Antxordokik nabarmendu dutenez, plan horrek "auzo berri bat" eraikitzea ahalbidetuko du, izan ere, asmoa dute Kotxerasen 900 etxebizitza berri egiteko. Horietatik 360 Babes Ofizialekoak izango direla aurreratu dute: erdiak, tasatuak, eta, beste erdiak, alokaoirukoak. "Garapen urbanistiko horrek herritarren eskari gero eta handiagoari eta aukera eskuragarriak emateko beharrari erantzuten die". Bestalde, zehaztu dute Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan alokairura bideratutako Babes Ofizialeko ehun etxebizitza eraikiko dituztela Oria Gain eremuan, "etxebizitza eta lan espazioa bateratuko dituen eredu aitzindari bat" sortuta. Azkenik, Maialen Chourraut kiroldegiaren gaur egungo lurretan 88 apartamentu eraikitzea aurreikusten dute, "gazteen emantzipazioa sustatzeko". Hori horrela izanik, adierazi dute "gazteen beharrizanetara egokitutako erantzuna emateko konpromisoa" dutela, "jatorrizko herrian, familia eta ingurune hurbilean jarraitzeko aukera emanda".

Hazkunde "jasangarri eta ordenatua"

Udal gobernuko bi kide horiek esan dutenez, HAPO plan berriak udalerria hurrengo urteetan nola haziko den zehatzen du: "Gure helburua da hazkundea jasangarria eta ordenatua izatea, 20.000 biztanleen langa gaindituta eta Euskadiko udalerrien artean erreferente bihurtuta". Zentzu horretan, zehaztu dute eredu horrek ez duela sustatuko "lurraren hedapen neurrigabe bat", baizik eta "mikrokirugia urbanistikoa" deritzona egingo dute herriko zenbait gunetan, "espazioak ahalik eta gehien aprobetxatzeko ingurumenarekiko arreta bereziarekin". 

Hazkunde hori "bideragarria" izate aldera, Valdiviak eta Antxordokik balioan jarri dute Eusko Jaurlaritzarekin garatzen ari diren elkarlana: "Lasarte-Oriako bizilagun bakoitzak, egoera ekonomikoa edozein dela ere, hemen aurrera egiteko eta gelditzeko aukerak izatea nahi dugu". 

Azkenik, azpimarratu dute "etorkizunerako oinarriak" jartzen ari direla Lasarte-Oria "eredu" izan dadin "integrazio, garapen ordenatu eta jasangarritasunean".