Hiri Antolamendurako Plan Orokorra behin betiko onartu du udalbatzarrak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 8a, 14:31

"Legealdi honetako ekimen handienetako bat" onetsi dute azaroko ohiko bilkuran, udal gobernua osatzen duten PSE-EE eta EAJ alderdietako zinegotzien aldeko botoekin: Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO), datozen 10-15 urteetarako izango dena. Horrez gain udal langileen soldatak %2 igotzea eta Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren (hilak 25) bueltako adierazpen instituzionala onartu dituzte, baita Goiegi baserriko lurretan azpieremu bat sortzea ere, hotel bat eraikitzeko. Bestalde, galdera eta erreguetan zenbait gai jorratu dituzte.

Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria du Lasarte-Oriak, udal gobernua osatzen duten zinegotzi sozialista eta jeltzaleen aldeko botoekin onartu dutena. Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza esateko "egun handia" dela udalerriarentzat: "Jasangarria izaten jarraituko du, mugikortasun seguru eta konektatua izango du eta baita kalitatezko espazio publikoak ere". Horrez gain, nabarmendu du txosten horretan jaso duten egitasmoetako bat, Kotxerasen 900 etxebizitza eraikitzearena: horietatik 360 Babes Ofizialekoak izango dira, erdiak tasatuak eta alokairukoak beste erdiak. 

EH Bilduk ez du udal gobernuaren irakurketa berbera egin eta planaren onarpenaren aurka botoa emateko arrazoiak azaldu ditu Esti Garmendia bozeramaileak: "Gure proposamenak ez ditugu ikusi aurkeztu diguzuen txostenean. Guretzat ezinbestekoak diren ardatz ugari ez dituzue jaso: udalak asko handitu beharko luke etxebizitzen parke publikoa alokairuen prezioak mugatu ahal izateko; herriak behar dituen ekipamendu premiei ez die behar bezala erantzuten, txikiak geratu direlako zenbat biztanle bizi garen kontuan izanda; eta libre dauden espazio publikoen kudeaketak hobea izan beharko lukeela uste dugu, esaterako, Kotxerasekoak". Bestalde, koalizio subiranistaren udal taldea kezkatuta dago HAPO berrian industriara gune zirenak "tertziario" izendatu dituelako udal gobernuak. "Lanpostu prekarioak areagotuko ditu horrek". PPko bozeramaile Manuel Palaciok ere hitza hartu du azaltzeko zergatik abstenitu den: "Plan berria prestatzen hasi zinetenean gu ez geunden udal korporazioan". 

Hotel bat Goiegin

Hirigintzaren alorreko beste gai bat landu dute udalbatzarrean, Goiegi Gora desklasifikatu eta Goiegi baserriko lurretan azpieremu berri bat eraiki ahal izateko hirigintza hitzarmena onestearena, hain justu ere. Udal gobernuaren aldeko botoekin egin du aurrera proposamenak. Abstenitu egin da, adibidez, Elkarrekin Podemos. Miguel Angel Tolosa: "Ez diogu interes publikorik ikusten egitasmoari, iruditzen zaigulako gutxi batzuen onura ekonomikorako izango dela. Gainera, uste dugu bertan hotel bat eraikitzeak trafiko arazoak areagotuko dituela".

Horren ostean bozeramaileen batzarrak aurrez onartutako adierazpen instituzional bat irakurri du alkateak, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren (hilak 25) bueltakoa. Aho batez onartu du korporazioak.

Ohiko bilera amaitu eta ezohikoari ekin aurretik (ordenantza fiskalak landu dituzte horretan), galdera eta erreguen txanda ireki dute. Hauek izan dira korporazioko kideek hizpide izan dituzten gaiak: 2025eko aurrekontuen zirriborroa, Atsobakarreko kirol gune berriaren egoera eta horrek eragindako zenbait kontu, kirol elkarteen aurtengo dirulaguntzen argitalpena, udalaren udaleku irekiak, Euskal Jaia, Zabaletako alokairu sozialera bideratu beharreko etxebizitzak, zaintzaren alorrean udalak dituen ardurak eta udalaren komunikazio alorra kudeatzeko lizitazioa. 

Saio osoa hemen ikus dezakezue: