Maria Josefa Sansberro Etxeberriaren historiaren berri eman diete

Txintxarri Aldizkaria 2024ko azaroaren 8a

Islada Ezkutatuak taldeak antolatuta, 'Ezkutuan zegoen historia' dokumentala ikusteko aukera izan dute herritarrek. Maria Josefa Sansberro Etxeberriaren bizitza oinarri hartuta, Errenteriako La ilusión kultur taldeak egindako ikerketa lanaren emaitza da hori. Ikus-entzuleen artean, gainera, egon dira nazien kontzentrazio eremuetara eramandako euskal herritar batzuen senideak ere

Nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako euskaldunen gaia jorratu eta erakusten du La ilusion kultur taldeak landutako ikus-entzunezkoak: Maria Josefa Sansberro Etxeberriaren bizitza zehazki. Aipatu dokumentalaren testuingurua osatzeko, hiru adituren testigantzak bildu dituzte: Carlos Hernandez kazetariarena; Juan Carlos Jimenez de Aberastury historialariarena; eta, Marta Simó, soziologoarena.

Bigarren Mundu Gerran, frantziar erresistentziarekin konprometitutako emakumea izan zen Sansberro. Oiartzuarra zen jaiotzez, baina 1919. urtean, bere familiarekin Bidasoa gurutzatuta, Senperera joan zen bizitzera,“bizitza berri baten bila” – Hamarkada batzuk geroago, Francoren garaipenarekin eta Errepublikaren porrotarekin, milaka euskal herritarrek alde egin behar izan zuten erbestera, eta horiek guztiak Sansberrok egindako bide beretik zeharkatu zuten Frantziako muga–. Bertan, 1938. urtean, Pierre Nicolasekin ezkondu zen; Santinazioko Lepoan zegoen Collado de San Ignacio hotelaren jabea zen, eta bertako langilea zen Sansberro. Dokumentalean ikus daiteke baita ere, Alemaniako naziek 1940. urtean Frantzia inbaditu zutenean (Belgika eta Herbeherekin batera), Sarara iritsi (Santinazioko Lepoan kokatu ziren, Nafarroako mugan),  hain zuzen ere, Maria Josefaren ostatu ondoan.

Erresistentzia sareetako partaide

Irudiek aurrera egin ahala, off ahots batek kontatzen du gero nola Maria Josefak, bere alababitxi Marie-Jeannerekin batera, zenbait erresistentzia saretan parte hartu zuela 1940. Urtetik aurrera; hala nola, Democratie, Cométe, ORA, Tartane-Masséna eta Nivelle de Bidasoa-n aritu zen. Gaineratu du bere zeregina izan zela aliatuei informazioa helaraztea, horiei ostatu ematea, eta oilategi batean dokumentuak ezkutatzea.

Zeregin horietan aritu zen, 1944. Urtean atxilotu zuten arte. Ikus-entzunezkoak kontatu du Sarako udaletxeko funtzionario baten salaketa baten ondorioz atzeman zutela. Horrela, Hendaiara eraman zuten, alababitxiarekin batera, lehenik, eta, Fort du Hâ-ra, Bordelera gero. Handik, Alemaniako Dachau kontzentrazio eremura lekualdatu zituzten, eta, gero. Ravensbrück-eko emakumeenera, 1944ko abuztuaren 30ean.

Bertan,  bi senideak elkarrengandik bereizi zituztela azaldu du dokumentalak, eta, Sansberro kanpo lanak (karga eta deskarga lanak, besteak beste) egiten eduki zutela gaineratu. Horrez gain, ikus-entzuleek jakin ahal izan dute senideek ez zutela gehiago elkar ikusi ahal izan. Sansberrok, egokitutako lan horiek egiten ari zela,  ihes egin zuen, baina urte bereko irailean, berriz ere atzeman zuten eta aipatu kontzentrazio esparru berera eraman. Ihes egitearen ondorioz, ordea, zigor gisa, Sachsenhausen-eko kontzentrazio eremura eraman zuten. Han hil zen 1944. Urteko azaroaren 13an.

Hitzordua amaitu aurretik, solasaldi irekia egin dute aretoan bildutakoek.