Absolutu mailako proba nagusian, lurraldeko lasterkariez gain, mundu osoko kirolariak izan ziren lehian eta Uruguaiko Santiago Catrofe Cacharron izan zen garaile. 6.900 metroko bidea egin zuten parte hartzaileek eta horien artean izan ziren Zumeatarra taldeko Aimar Sukunza Gomez (23.37) eta Aloña Mendiko Jon Presa Herranz (24.15) herritarrak.
Jardunaldiari hasiera emateko kros egokitua izan zen eta ostean, master mailako proba mistoa izan zen. Horretan egin zuen lehia Mari Carmen Olaso Espeso herritarrak; 2.600 metroko lasterketa 14.32 markarekin gainditu zuen.
Kroseko harrobia
Krosak etorkizuna duela ere erakutsi zuten gazte eta haurrek. Esate baterako Ostadar Atletismo eskolako 30 gaztetxo izan ziren korrika Hipodromoan.
Krosa gorriz markatutako hitzordua da talde urdin-beltzarentzat eta urtero ordezkari ugari lehiatzen da proba horretan. Aurten infantil eta benjamin maila artean parte hartu zuten Amaia Andres eta Oscar Goikoetxeak entrenatutako kirolariek. Horiek mailaren arabera 600 m. eta 1.600 m. arteko bidea egin behar izan zuten. Guztien artean, Miriam Gallego Martin alebina izan zen emaitzarik onena lortu zuena, 10. postuan helmugaratu zen, 04.43 marka eginez.