Orellari hitza eman aurretik, eta gaian murgiltzeko Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren esaldi bat ekarri du gogora antolatzaileetako batek: "Egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria". Eta adierazpenen horiei erreferentzia eginaz, honakoa gaineratu du: "Herri honek egitura bat izan du, lurralde propio bat, estatu bat eta hor eutsi ahal izan dio bere kulturari, hizkuntzari, identitateari eta idiosinkrasiari".
"Izaera bipolarra"
Jose Luis Orella Unzue historialariak hartu du hitza gero, eta, esan, baskoiak "herri bat, nazio bat" izan direla, baina ez edonolakoa; hizkuntzari, kulturari, politikari, erlijioari eta ekonomiari dagokionez, izaera "bipolarrekoa" baizik. Nabarmendu du beti egon dela aipatu aspektu horiei guztiei dagokienez, bikoiztasuna.
Baskoien jatorrizko hizkuntzaz hitz egin du gero, eta horri erreferentzia egiteko, adibide gisa, Irulegiko eskuaren aurkikuntza aipatu du, besteak beste. “Antzinako baskoien alfabetatzea baieztatzen du, paleo hispaniko sinatzailearen aldaera batetik eratorritako sistema grafiko baten bidez. Hizkuntza baskonikoan idatzitako testurik zaharrena da, euskararen aurrekari izan den hizkuntza baskonikoan idatzia”. Gaineratu du, horrek guztiak erakusten duela erromanizazioaren aurretik baskoiak exititzen zirela, eta ez hori bakarrik, baita aditzera emateko gaitasuna bazutela ere. Hizkuntzarekiko baskoiek izandako bipolaritatearen gainean emandako azalpenetan aipatu du arabierarekin elkarbizitu zela. Lingua navarrorum-az ere hitz egin du ostean.
Erlijioari dagokionez, berriz, esan du baskoiek euren jainko propioak izan zituztela, eta ebangelizazioarekin bihurtu zirela kristautasunera.
Politikan ere joera bera
Politikan, berriz, baskoien artean elkarrekiko antagonikoak izan diren bi taldeei buruz hitz egin du Orellak; elkarren aurkakoak izan diren bi tendentzia politikoen berri eman du: "Iruñeko Erresumaren sorreraren garaian, elkarren artean aurkariak ziren bi alderdi politiko existitu ziren: arabeen aldekoa zen bat, eta frankoen aldekoa bestea. Orreagako guduan bi horien arteko borroka eman zen". Agaramondarrak eta Beaumontarrak ere izan ditu ahotan gero. Beste datu askoren artean, azaldu du horien arteko gatazka Nafarroa Beherean sortu zela.
Luze eta zabal hitz egin du gaiaz. Hitzaldiaren azken zatian, gaiari erreferentzia eginez, estatu izateko lurraldetasuna izatearen garrantziaz mintzatu zaie bertaratu direnei.
Saioa amaitu aurretik, bertaratu direnek galderak edo iruzkinak egiteko aukera izan dute.