Tolosako taldeaz gain, Aragoi, Asturias, Nafarroa, Valentzia, Gaztela eta Leon eta Kataluniako taldeak izan ziren lehian eta lehia zirraragarria izan zen herritarrak azaldu modura, "urri hasieran Galizian egindako jardunaldiak sailkapen orokorra asko estutu zuen eta dena Iruñako pistan erabakiko zen".
Lau probari egin zieten aurre parte hartzaileek: 500 m. eta 1.000 m. esprint lasterketak, 5.000 metroko puntuazio proba eta 3.000 metroko amerikana erreleboa. Villalobosek azaldu modura esprint probak ez ziren aproposenak Irristakarentzat eta horietan aurkariak gailendu baziren ere, " puntuazio probako emaitza txukunarekin konpentsatzea lortu genuen".
Erreleboko finalean, aldiz, garaile izan zen Tolosako taldea. Sailkapen orokorreko hirugarren sailkatu bezala iritsi zen Irristaka lasterketa horretaa eta Valentziako Turia taldea baino bi postu aurrerago sailkatu behar zen lehen mailarako igoera eskuratzeko: "Lasterketa bizia eta parekatua izan zen, azken itzulian erabaki zen dena eta Aitor Vacas irristakakoa izan zen azken itzulian azkarrena, Turiakoak 5. postuan sartuz. Ikaragarria izan zen, sekulako poza".
Villalobos eta Irristakako kideak pozarren dira ligako bigarren postuarekin: "Kontutan hartu beharra dugu 2023an sartu ginela Irristaka taldearekin Liga Nazionaleko hirugarren mailan, entrenatzeko baliabide oso eskasak dituen talde gazte eta motibatu gisa. Bi denboralditan Espainia mailako 10 talderik onenen artean sailkatzea oso pozgarria da guretzako".
Hurrengo urtean proba bakoitzean espezialistak dituzten talderik onenekin lehiatuko direla azaldu du Villalobosek, guztiak zazpi zortzi bat patinatzailez osatuak, eta tartean hainbat munduko txapeldun. Irristakak, aldiz, Aitor Vacas gasteiztarra, Julen Urkizar tolosarra eta Ximon Villalobos bera aurkeztuko ditu: "Irristakako harrobiko patinatzaileak bide onetik badatoz ere, gazteegiak dira oraindik maila honetan lehiatzeko". Taldearen helburua, beraz, maila mantentzea izango dela aitortu du herritarrak: "Progresio polita daramagu azken urteotan eta konfiantza dugu guregan kategoria mantentzeko gai bagarela".