Intza Elkarteko 3. mailako senior bikoa Ezker Hormako Gipuzkoako txapelketako finalean da. Hilaren 2an, partida luze baten ostean, Behar Zana 1 garaitu zuten Lasarte-Oriako ordezkariek Villabonan jokatutako finalerdian. Hilaren 10ean, Intzako bikoteak txapela janzteko lehian Eibar 2 izango du aurkari.
Intzako Jon Pello Artetxe eta Peru Urdanpilletak neurketa "serioa eta gogorra" egin zuten. Launako berdinketaren ostean, lasarteoriatarrek aurrea hartu eta errenta txikia ireki zuten. Nahiz eta Behar Zanako Mendizabal eta Olasagasti gerturatzen saiatu, ezin izan zituzten Intzako kideak gainditu eta 20-22 amitu zen lehia.
Intzako seniorrek dagoeneko urteko helburua lortu du, 2. mailako igoera. Izan ere, finalera iritsi ziren bi bikoteak igoera zuzena eskuratu dute. Orain txapelketari amaiera bikaina ematea nahi diote garaikurra lortuz. Eibar 2 gainditu beharko dute horretarako.
Gazteak ere lehian
Pilota eskolako gazteek ere Errendimendu txapelketako jardunaldia izan zuten azaroko lehen asteburuan eta txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten Intzako ordezkariek.
Hilaren lehenean, infantil mailako bi neurketa ikusi ahal izan zituzten zaleek Loidibarren pilotalekuan (Ikus argazki galeria). Etxekoek ezin izan zuten garaipena erdietsi.
Arratsaldea ireki zuen 2. mailako lehiak eta Hernaniko Hernandezek Lasa 0-2 (2-8 eta 3- 8) garaitu zuen.
Jarraian, 1. mailako neurketa interesgarria izan zen. Ederki borrokatu arren, O. Jauregik ezin izan zuen Ilunpeko Egiguren gainditu; 6-8 eta 7-8 irabazi zuen azpeitiarrak.
Etxetik kanpo berri onak izan ziren, ordea; Zaldibin, Astigarragan, Errenterian eta Hernanin aldeko emaitzak eskuratu zituzten eskolako kideek.
Alebin 1. mailan I. Jauregik 5-8 eta 1-8 irabazi zuen Gaztelupeko Eizagirre. Infantil 2. mailan, aldiz, Maizek Mundarroko Zabala 7-8 eta 0-8 gainditu zuen; Itxaso Iparragirrek 1-8 eta 3-8ko emaitza eskuratu zuen EPLEko Arcelusen aurka eta Lopezek 3-8 eta 6-8 garaitu zuen Hernaniko Lujanbio.