Semblante Rocierok Coral Marinyen koruarekin ospatu du bere 30. urteurrena

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 1a, 21:33

Emozioz beteriko saioa aurrera eraman dute bi abesbatzek Zumaburuko Arantzazuko Ama elizan. Valentziak aste honetan jasandako denboralea oso presente egon da emanaldian, bereziki, zirraragarria izan baita. Bosna kanta eskaini ditu talde bakoitzak bakarka eta itxierako biak elkarrekin abestu dituzte.

Emanaldi berezia behar zuen gaurkoak Semblante Rocieron bere 30. urteurrenaren ospakizunen barruan aurrera eraman baitu. Tamalez, beste arrazoi tristeago batek gehitu dio emozioa saioari, talde gonbidatua Valentziako Tavernes de Valldigna herritik etorri baita. Zirrara nabari zitzaien eta malkoak behin baino gehiagotan lehortu behar izan dituzte. Hala ere, musika atsekabearen aringarri izatea lortu dute uneren batzuetan.

Lehen ilaran eserita zeuden udal ordezkariak: Agustin Valdivia alkatea, Maite Iglesias, Nagore Duran, Miguel Angel Tolosa, Asier Gorostegi eta Sandra Barkaiztegi zinegotziak. Alkateak agurtu ditu bertaratutakoak Semblante Rocierok "andaluziar kultura bizirik mantendu" eta doan noranahi Andaluziaren zati bat eramateaz gain, "Lasarte-Oria eta Euskadiren izena" ere badaramala nabarmendu du. Herrian eta handik kanpo parte hartzen duten zenbait jarduera ere zerrendatu ditu eta gaurko kontzertua irailean Valentziara egindako bisitaren trukea dela azaldu du.

Biktimak gogoan

Eurite eta uholdeen ondorioz bizi duten egoera zailean "emanaldi hau izan dadila biktimei omenaldia. Eta espero dezagun artearen eta ahots guzti hauen batura Valentzian behar duten animo, indar eta determinazioaren parte izan dadila". Minutu bateko isilunea egin dute jarraian eta txalo zaparrada luze bat izan da ondoren. Negarrari ezin izan diote eutsi abeslarietako batzuek. Alkateak udalaren izenean taldeko Coral Marinyen presidenteari oroigarri bat eman dio eta honek eskerrak eman ditu. Lehen hitzekin batera emozioak gain hartu dio eta txaloekin adierazi diote babesa eliza bete duten herritarrek. "Erruki dizuet ez ditzazuela valentziarrak ahaztu", eta hor utzi du ezin zuelako jarraitu. 

Hitza hartzen azkena Semblante Rocieroko zuzendari Juan Navarro izan da. Oso hunkituta zegoen eta kosta zaio hastea. Pairatutako tragedia bizita, hemen egoteko "ahalegin emozional itzela" egin izana eskertu die, kariñoa eta elkartasuna adieraztearekin batera. "Espero dezagun gurekin dauden denboran ahal bezain ondoen pasatzea", gehitu du.

Musika, aringarri

Atera da Coral Marinyeneko kideak aldare aurrera. Bost kantako errepertorioa eskaini dute, Can't Help Falling in Love edo Hallelujah ezagunak, tartean; eta azken biak valentziarrez kantatu dituzte. Horren aurretik, koruko zuzendari Fran Lledók mikroa hartu eta hitz batzuk esan ditu. Aitortu du ez etortzekotan egon zirela, "egoera honetan abesteak fribolitatea dirudi", baina herri honekin eta Semblanterekin duten loturagatik aurrera jarraitzea erabaki zuten. Bi kanta horiek "hildakoei eta oso gaizki pasatzen ari diren kaltetuei" eskaini dizkie. "Uste dut musika penak aritzeko modua dela eta hango denak gure bihotzean daramatzagu".

Haien ondoren, herriko taldearen txanda heldu da. Kanta alaiagoak abesteko asmoa zutela argitu du Navarrok hasi aurretik, baina ez zaie egokia iruditu, beraz, beste batzuen alde egin dute. Beraien emanaldietan ohiko diren kantak izan dira, taldekideek idatziak pare bat. Amaitzean, bi koruek elkarrekin abestu dute. Lehena, Navarrok zuzendu du eta azkena, Lledók: Mikel Laboaren Txoria txori, hain zuzen ere. 

Azken agurrekin batera, Semblante Andaluzeko presidente Jose Maria Melladok oroigarri bat eman dio Coral Marinyeneko presidenteari.