Gau Beltza, beldurgarria eta iluna

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko aza. 1a, 09:00

Ohitura zaharra berreskuratu eta ukitu berezia emanda aurrera eraman dute Gau Beltza edo Arimen Gaua bezala ezagutzen den ospakizuna Zabaleta auzoan. Haurrentzako zein helduentzako beldurrezko ibilbideak eta akelarrea egin dituzte, euskaratik eta euskaraz. Sustoei buelta eman eta indarrak hartzeko pintxo-potea egin dute gero, eta ez nolanahikoa: gaztainak, txokolatea, pintxo goxoak eta edari freskoak izan dituzte aukeran bertaratu direnek, auzo elkartearen atarian. A! Eta, nola ez, espero gabeko sorpresa bat ere bai: LOZET elkartearen zezensuzkoa.

Beldurrezko ibilbideari ekiten lehenak haurrak eta euren gurasoak izan dira. Ilun-ilun zegoen auzoa, pare bat orduz kaleetako farola eta bestelakoak itzali dituztelako. Asmatu dute antolatzaileek, Gau Beltza are beltzagoa bilakatu eta esperientziari misterio eta intriga ukitu bat eman diolako. 

Abiatu eta berehala, parte hartu dutenen izu nagusia txakur kakak ez zapaltzea zen, esan bezala, tutik ez zutelako ikusten bidean zehar. Azkar ahaztu dira horretaz, Pepenea kale atzealdean aurreneko sustoa hartu dutenean. Ez da bakarra izan, ustekabe eta pertsonaia izugarri ugari izan baitituzte zain, noiz eta gutxien espero zuten toki eta momentuetan: motozerrak, Rotaflexaren txinpartak (Rotaflexa garraxika, Su Ta Gar taldeak abesten duen bezala), listua irenstera behartu dituzten panpina makabroak... Osteratxoa amaitu eta Basotxo plazara iristean lasai hartu du arnasa batek baino gehiagok.

Minutu batzuk geroago ibilbide bera urratu dute aurrekoak baino helduagoak zirenek. Estatus hori berreste aldera-edo, ezerk beldurrik ez diola eman esan du batek baino gehiagok. Hori bai, ongi ezkutatuta zeuden pertsonaiak hurreratu zaizkienean azkar egin dute lasterka...

Su ondoan, akelarrea

Ibilbideak amaituta indarrak berreskuratzearen alde egin dute gehienek eta Zabaleta Auzolan elkarteko kideak jo eta fuego aritu dira jatekoa eta edatekoa prestatu eta tiketak saltzen. Amaitu dutenean nekatuta zeuden, noski, baina pozik ere bai, ekimena arrakastatsua izan delako eta ateratakotik gutxi gorde behar izan dutelako lokalean.

Lokal barruan zeuden Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako zenbait ikasle, akelarrerako prestatzen. Bitartean, sua piztu dute kanpoaldean, minutu gutxi barruko dantza girotzeko. Kalakan taldearen Sagarra jo piezaren doinupean koreografia ikusgarria plazaratu dute eta amaitu dutenean txalo artean agurtu dituzte dantzarien inguruan borobila osatu duten ikus-entzuleek. 

Gau Beltza amaituta zegoela zirudienean, izuak eta beldurrak pasata lasaitzeko unea zela ematen zuenean, LOZET elkartearen zezensuzkoa sartu da Basotxo plazara eta berarengandik ihesean aritu dira haurrak eta gurasoak. 

Erlazionatuak

Motozerrarekin izutu ditu ibiltariak

Txintxarri Aldizkaria aza 01 Kultura

Basotxo plazako giroa

Txintxarri Aldizkaria aza 01 Kultura