Uganda, Burundi, Etiopia, Herbehereak, Danimarka... nazioarteko atletei aurre egindo diete azaroaren 3an Lasarte-Oriako hiru korrikalarik. Aloña Mendi taldeko Jon Presa Herranz eta Zumeatarrako Aimar Sukunza Gomez absolutuko mailako lasterketan izango dira korrika eta Mari Carmen Olaso, aldiz, emakumezkoan.
Harrobiak ere izango du garrantzia hitzorduan eta bertan Ostadar SKTko kideak izango dira lehian benjamin mailatik infantil mailara.
Ordutegiak
Kros egokituko probak emango dio hasiera egunari 9:45ean. Eta hamabost minutu geroago, 18 eta 20 urtez azpiko lasterketak lehiatuko dira. 16 urtez azpiko atleta gazteek emango diote jarraipena jardunaldiari, 10:50ean eta benjamin-infantil mailako gaztetxo eta haurrek 11:20ak eta 12:15ak artean izango dituzte lehiak.
Lehia nagusiak 12:30ean hasiko dira; lehenik emakumeak aterako dira belarretara eta ostean, 13:05ak aldera, gizonezkoak.
Kirol ekitaldira joan nahi duten pertsonek 5 euro ordaindu beharko dituzte. Hamabi urtez azpiko haurrak doako sarrera izango dute.