Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol sailak eta Lasarte-Oriako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Horrek ahalbidetuko du 2023-2025 aldirako Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planean aurreikusitako inbertsioak egitea. Hala jakinarazi dute Kirol diputatu Goizane Alvarez eta Agustin Valdivia alkateak.
Akordio horri esker, Lasarte-Oriako Udalak 1.200.000 euroko dirulaguntza jasoko du, eta, hori, apirilaz geroztik martxan dagoen kiroldegi berria handitzeko proiektura bideratuko du. Michelin egungo atletismo pisten gainean kokatuko da eraikin hori.
Alvarez diputatuak azpimarratu du arestian aipatu planaren helburua dela "udalerriek herritar guztientzako kirol azpiegitura irisgarriak izatea", baina ez hori bakarrik. Gaineratu du xede nagusia ere badela "gorputz eta kirol jarduera herritarren egunerokoan txertatzea, bizi ohitura osasungarriak bultzatzea, izan maila fisikoan, zein psikologikoan". Horretaz guztiaz gain, nabarmendu du giza harremanak sustatzeko modua ere badela, "elementu integratzaile eta bizikidetzako osagai gisa".
Agustin Valdivia alkateak, berriz, poza eta eskertza agertu dizkio Alvarezi; "Bereziki eskertu nahi dut erakundeen arteko lana eta udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol departamentuarekin batera egindako ahalegina. Diru laguntza ematea bultzada handia da". Gaineratu du, kiroldegi berria herriarentzat "aurrerapauso garrantzitsua" dela.
Ekipamendu berriak
Instalazio berria Lasarte-Oriako 7.600 erabiltzaile potentzialentzat "erakargarri" izatea nahi dute erakundeetako ordezkariek, baita mugakide diren eremuetan bizi direnentzat ere, hala nola, Usurbil, Galarreta, Hernani, Zubieta, Añorga, Ibaeta eta Igeldoko bizilagunentzat.
Lau espazio ezberdinetako fitness gela bat izango du kirol ekipamendu berriak: areto funtzional bat, eta kardioa, indarra eta pisu librea landu ahal izateko beste hiru. Horrez gain, igerileku estalia (adin guztiei zuzendutako ikastaroen eskaintza izango du) ere izango du, eta baita padelean jokatzeko eremu bat ere. Intentsitate ezberdinetako talde jardueretarako (yoga, pilates, gap, eta abarrerako) erreserbatutako espazio bat ere izango du, eta baita indoor ziklorakoa ere.
Diru laguntza, bi fasetan
Agustin Valdivia alkateak jakinarazi du foru aldundiak ekarpena bi fasetan egingo duela. Lehen ordainketa 600.000 (kopuru osoaren %50) eurokoa izango da; obra ziurtagiriak eta fakturak aurkeztean gauzatuko da. Gainerakoa, berriz, beste 600.000 euroak, diruz lagundutako jarduera amaitzean jasoko du udalak.