'Tokiko demokrazia bidegurutzean' ikerketa liburua aurkeztuko dute gaur

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 31a, 10:55

Zaintza eta boluntariotzari buruz Oreki fundazioak egindako mahai ingurua.

Lasarte-Oriako partaidetzaren kulturari buruz ikertu du Oreki Fundazioak azken urtean, herriko zenbait erakunde eta eragileren laguntzarekin. Jardun horren emaitza eta ondorioak jasotzen dituen liburua aurkeztuko dute gaur: 'Tokiko demokrazia bidegurutzean'. Ekitaldia 18:00etan izango da Antonio Mercero aretoan.

Saioak bi zati izango ditu. Aurrenekoan, lanaren egile Andoni Eizagirre eta Julen Cochok ikerketaren berri emango dute, eta azalduko nolakoak diren herritarren iritziak elkartegintza, partaidetza eta demokraziari buruz. Ondoren, ikerketaren ondorioei buruz hausnartzeko, prozesuan zehar parte hartu duten eragile desberdinek osatutako mahai inguru ireki bat aurrera eramango dute: Nagore Duran (Lasarte-Oriako Udaleko Parte Hartze zinegotzia), Julen Basterra (musikaria), Ketxus Marcos (Danok Kide elkarteko ordezkaria), Encarni Baztan (Nagusilan-eko boluntarioa) eta Mari Karmen Ormazabalek (Ttakun Kultur Elkarteko lehendakaria) izango dira hizlariak. Bertaratzen direnek galderak egin ahalko dizkiete.

Bestalde, sarrera ekitaldian parte hartuko dute Agustin Valdivia alkateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatu Irune Berasaluzek.