Azaroko kultur agendaren berri eman du Kultura sailak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 31a, 13:03

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Lasarte-Oriako Udalak kultur programazio anitza aurkeztu du azarorako; "adin eta gustu guztiei zuzendutako eskaintza" egin du. Zinema, antzerkia, musika emanaldiak eta beste zenbait egitasmoa aurrera eramango dituzte iragarri du Kultura sailak. Asteburuero proiektatuko diren haur zein helduei zuzendutako filmak, eta, Jalgune elkartearen XVIII. jaialdia nabarmendu dituzte antolatzaileek

Kultur ekintzez betea dator azaroa. Hil horretako kultur agendaren berri eman du Kultura sailak eta horren harira, honako adierazpenak egin ditu Ainara Elicechea aipatu departamentuko zinegotziak:  "Azaroko egitarauak herritar guztientzako kultur ekintza eskuragarriak eskaintzeko konpromisoa islatzen du, haurrek, gazteek, helduek eta nagusiek kalitatezko zinema, antzerkia eta musikaz goza dezaten espazioak sortuz. Harro gaude, gainera, Jalgune Jaialdiaren edizio berri bat lagunduko dugulako, Lasarte-Oriaren izaera inklusibo eta solidarioa sinbolizatzen baitu eta guztiontzako aisialdi eskuragarrirako elkarrekin lan egitearen garrantzia gogorarazten baitigu."

Asteburuero, Lasarte-Oriako auditorioan haurrei eta helduei zuzendutako zinema saioak proiektatuko dira; "familia osoarentzako aisialdi aukera" eskainiko dute ekimen horiek. Haurrei zuzendutako proiekzioen artean, honako film hauek aurkeztu ditu Kultura sailak: Zak eta Wowo: Lendarysen Kondaira (azaroaren 3an), Bufalo Kids (azaroaren 10ean), Afrikan Erreskatatzea (azaroaren 17an) eta Familia Munstroa (azaroaren 24an). Guzti horiek ikustera joan nahi dutenek, sarrerak erosi beharko dituzte, kultur etxeko leihatilan, 4 euroren truk. 

Bestalde, helduentzako honako pelikula hauek iragarri ditu: La Infiltrada (azaroaren 3an), El club de los milagros (azaroaren 10ean), La gran escapada (azaroaren 17an) eta La habitación de al lado (azaroaren 24an). 

Okendo Zinema Taldek ere bi hitzordu zehaztu ditu azarorako. Los destellos filma emango du azaroaren 8an, eta Soy Nevenka, berriz, 29an. Bi saioak 20:00etan izango dira, eta interesdunek, 6 euroko sarrera erosi beharko dute. 

Azaroa erdian, Zarzuela

Zarzuela zaleek azaroaren 15ean hitzordua izango dute Lasarte-Oriako auditorioan; La Revoltosa saioa eskainiko du Lirica Sasibil-ek. Horrez gain, ballet zaleek ere izango dute hitzordua. Egun berean, baina 19:00etan, Alicia en el pais de las maravillas lanaren bertsio digitalaz gozatu ahalko dute bertaratzen direnek (sarrerek 7,5 eta 9 euro artean balio dute). 

Antzerki obrak 

Azaroan zehar, antzerki obrek ere protagonismoa izango dute. Haurrentzako Xomorrotxoak lana oholtzaratuko du Spasmo Teatroak-ek hilaren. 17:00etan izango da, eta 4 euroko sarreraren truk. Hilaren 22an, berriz, Hika Antzerki Taldeak Zorretan lana erakutsiko du. 20:00etan izango da hori, eta, sarrerek 6 euro balio dute. Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroak ere bi obra taularatuko ditu. Una bofetada no es nada izango da horietan lehena. Azaroaren 23an izango da, 19:00etan eta 3 euro balio dute sarrerek. Bigarrena, aldiz, Ztandap izango da; azaroaren 28an, 19:00etan, eta hori ere 3 euroren truke. 

Gaztetxoentzako ipuin kontalaria 

Lasarte-Oriako Udal Liburutegian etxeko txikienei zuzendutako bi ipuin kontalari saio aurrera eramango dira. Azaroaren 20an izango da lehena, eta 6, 7 eta 8 urteko gaztetxoei zuzenduta egongo dela iragarri dute antolatzaileek. Bigarrena, berriz, 27an egingo dute, eta 3, 4 eta 5 urteko haurrek parte hartu ahal izango dute bertan. Bi saioak 17:30ean hasiko dira, eta doakoak izango dira. 

Akordeoi jaialdia eta literatur lehiaketako sari banaketa

Zero Sette Akordeo Orkestrak 21. Lasarte-Oria Akordeoi Jaialdia aurrera eramango du azaroaren 16an. Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan izango da, 19:00etan, eta 6 euro balio duen sarrera erosi beharko dute bertaratu nahi dutenek.

Horrez gain, literatura lehiaketako sari banaketa ere iragarri du udalak. Azaroaren 23an izango da hori, kultur etxeko hitzaldi aretoan, 12:00etan. 

Jalguneren XVIII. jaialdia

Azaroaren 30ean, Lasarte-Oriak Jalgune elkarteak bere jaialdia aurrera eramango du. Aniztasun funtzionala duten pertsonen aisialdiko integrazioari eskainitako ekimena dela nabarmendu dute antolatzaileek. 18 urte betetzen dituen jaialdi hori Lasarte-Oriako kultura eta gizarte egutegiko hitzordu "garrantzitsua" dela azpimarratu du udal ordezkariek, eta, gaineratu, adin guztietako pertsonak biltzen dituela, inklusiboa eta aberasgarria den jardunaldi batean. Ospakizuna auditorioan egingo da, 18:00etan.