Beltzak RTko harrobiko kide Eneko Sanchez Martinez eta Lander Zabala Ugartemendia gazteek 18 urtez azpiko Erkidegoen arteko Selekzioen Espainiako txapelketari hasiera eman diote Euskadiko selekzioarekin.
Lehen jardunaldian Sevillara (Andaluzia) egin zuten bidaia herriko gazteek, hilaren 27an. Andaluziaren aurkako neurketan bigarren zatian sartu ziren biak zelaira. Lehia handia izan zen. Nahiz eta lehen minutuetatik Euskadi markagailuan aurretik joan, andaluziarrek neurketari itzulia eman eta puntu batengatik eraman zuten garaipena, 14-13.
Ohorezko mailan eta Europan
Bestalde, Jon Ibisate Alday herritarrak hilaren 12an Ohorezko mailan debuta egin zuen epaile modura Pozuelo Rugby Union eta Unió Esportiva Satboniana norgehiagokan, Madrilen eta 20an, Europako Superkopako Brussels Devils-Bohemia Warriors partidan laguntzaile lanetan izan zen, Bruselasen, Belgikan.