Halako jardueretan hutsik gelditzea ohikoa den lehen ilaran eserarazi dute Antton Garin. Omenduak ohorezko lekua behar zuen eta adi-adi, ezer ez galtzea ahalbidetuko ziona. Alboan, auzo elkarteko Joxe Goikoetxea, eta atzean, aulkiak bete dituzten 60 bat lagun. Gelaren atzeko aldean ere pintxo-poterako edariak eta jakiak prestatzen aritu dira zenbait kide, saioak iraun dituen ia ordu eta erdian.
Amaia Agirre herritarrak egin du aurkezle-gai jartzaile lana, Garinen hitz, kontakizun edota bizipenetatik abiatuta. Azken ardura horretan laguntzaileak izan ditu, egon nahi baina ezin izan duten zenbait bertsolari, pantailaren beste aldetik bertsotarako zeregina eman dutenak. Agurraren ondorengo lehena, ordea, Agirrek berak proposatu die: Garin noiz eta non ezagutu zuten oroitzea. Biek ala biek, Hernanin, bertsotan, Aterperekin batera. Ondoren, beste pasarte batzuk gogoratu dituzte, Zabaletara haren eskutik etorri zirela edota, dioenez, Hernaniko katela berak jarri zuela.
Pantailan agertu da orduan Andoni Otamendi. Kontatu du Zabaletako jaietako bertso saio batean Unai Iturriagak Oroitzen zaitudanean, ama poema-kanta gai zuela botatako bertso ederrak "zuri zor dizut naizena eta batez ere ez naizena" amari eskertuz amaitu zuela, hori bera bertsotarako balia zezaten. Alegia, zer diren eta zer ez, baita aldameneko zer den eta zer ez.
Hernanitik Zabaletara
Hurrengorako Garinen amaginarrebaren azalean jarri du Agirrek Lujanbio eta omenduarenean Mendiluze. Amaginarrebak lurrak saldu, trukean bertan eraikitako etxetatik bi bloke eskatu, eta seme-alaba bakoitzari pisu bat eman zion. Lau ahizpak bloke berean bizi ziren, bakoitza hernaniar batekin ezkondua. Ironia eta umorez betetako ariketa izan da, hona bi adibide:
Gizon jatorra zara eta ez nago kexu oraingoz baikor zure hitz eta zure mezu baina hemen irauteko pentsa dezakezu bertakok baino hobea izan beharko dezu |
Bertako baino hobea izan ninteke, bai badakit banaizela horretarako gai duda egiten duzu baina zaude lasai konkistatuk zaitut zuk nahi edo ez nahi |
Azkoitian Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdena jokatzen ari ziren Ane Labaka Mayozek eta Eli Pagolak –hirugarren eta laugarren izan dira, hurrenez hurren– ere bere ekarpena egin dute. Bideoan, Labakak Garinekin izandako pasarte bat gogoratu du, Señora sariketa tarteko, jaietako saioa emakume bertsolaririk gabekoa izatearen gainekoa, eta hura aitzaki, Lujanbiori egokitu dio emakumez bakarrik osatutako saioak beharrezkoak zergatik diren azaltzea. Pagolak, berriz, Garinekin partekatutako Santa Barbarako saioak aipatu ditu. Librean egite horrek eragindako urduritasunari, behin kideak doinua aldatu izana gehitu behar izan zion; baina halakoek bertsotan egiteko beste aldate bat garatuarazi ziola argitu du. Bertsolari gaztea izan den Lujanbiok aholkuak eskatu dizkio beteranoa zen Mendiluzeri. Zer esan ez jakiteari edo urduritasunari aurre nola egin eztabaidatu ondoren, honakoa bota du "gazteak":
Baina mitoa zu zara,
niretzat behinipin
Ni gaztetxo bat nauzu,
beste askon berdin
Beti kantatuko det,
gaur arte ez nekin
behin saio bat egin nula
Antton Garinekin.
Santa eskeko saioetan hasi zen Garin bertso eta kopletan trebatzen, eta gira horietan bizitakoei ere jarri dizkio bikoteak bertsoak. Mendiluzeri egokitu zaio ere omenduak beti eskuan duen makilak elkarrekin egindako kilometroetan ikusitakoa irudikatzea. Inork ezagutzen ez duen Antton berak bakarrik ikusi ote duen iradoki du bertsolariak, baita aurretik egiteko bidea duela ere: "Zahartu egin zerala, esanez beti zu/oraindik pauso asko, geratzen zaizkizu".
Anekdota bat kontatu du Agirrek: Txapelketa bat antolatu zuten, hiru elkartetan jokatu zen, 1976 bueltan, Juanjo Uria eta Iñaki Arantzadi epaile eta Joxe Mari Iriondo gai jartzaile. Lehen bost onenak hurrengo urtean usurbildarren kontra desafioa. Artean, Garin, Argiñarena, Olano, Aterpe eta Tapia oiartzuarra. Galarreta osoa bete omen zuten, mila lagunetik gora, desafioa ikusteko. Saio parekatua kartzelako lana arte, berak ez bezala, gainerakoek ez zuten "piper potoa" zer zen ulertu eta mendirako motxilan topatzean beste zerbaitetan aritu ziren eta galdu egin zuten, usurbildarrek nola erantzun jakin baitzuten. Hernaniar-hernanir izango ez zirela argudiatu du Lujanbiok eta ze esan zuen galdetu; Mediluzek, berriz, pasartea Garin beti bere garaia baino aurrerago joan denaren adibide dela esan du eta Usurbiletik pasa ez dela bota.
Bertaratutakoen aitortza
Saio hartan epaile izan zen Juanjo Uria lagun zaharra mikro aurrera deitu du Agirrek. 2005an Hernanik Garini eta Aterperi egindako omenaldia gogora ekarri du, "euskara egora tamalgarrian zegoen garaietan, eta bertsoa ez hobeto, hauek biek beren aletxoa jarri zutelako, beren ahalegina egin zutelako eta beren konpromisoak hartu zituztelako”. Egun hartarako prestatu zuen bertsoa, Eñaut Agirrek kantatu zuen Hernanik, eta, gaur, Zabaletan, beste Agirre baten ahotsean.
Hunkitu da Uria eta txaloek eman diote arnas pixka bat hartzeko unea. Hernaniko omenaldi hura guztiz merezitakoa zen moduan, gaurkoari traza hori hartu dio. “Bere lagunak eta bere inguru osoa oso harro gaude berak garai askotan txarretan, hain ibilbide luzean, egin duen lanarengatik”. Nahiz eta meritu "handi eta asko" Garini eman ohartarazpena ere egin dio Uriak: “Ez ezak ahaztu, Antton, sekula, meritu horien erdiak emaztearenak direla”. Ondoren, gaurko idatzi duen bertsoa kantatu du Agirrek.
Unai Muñoari eta Iñaki Zelaiari ere eman die aukera aurkezleak.
Unai Muñoa: Euskara, herrigintza |
Iñaki Zelaia Zenbat erronda ta bertso saio |
Errimekin jarraituta, Unai Agirrek bidalitako bertsoa ikusi eta entzun dute, omenduaren txandaren aurretik. Joxean Iparragirrek egindako egurrezko irudia oparitu dio auzo elkarteak, Joxe Goikoetxearen eskuetatik jaso du, eta bertsotarako prestatu aurretik “nire aitonaren antza” duela bota du.
Eta esker hitzak ere izan ditu. “Mila esker denoi: Amaia, Maialen, Aitor, denbora batean elkarrekin aritu ginen hemen azaldu diren bertsolari guztiei, Juanjo Uriari eta hemen zaudeten auzotar denoi. Mila esker. Zorionak bihotz-bihotzez nire partetik. Aupa Zabaleta! Segiko dugu aurrera arnas pixka bat dugun bitartean”. Txalotu dituzte bere hitzak eta hunkitu da. Zirrara nabari bazitzaion ere aurpegian, malkoei eusteko gai izan da. Albo batetik jarraitu ditu agurreko bertsoak, oroigarria besapean eta makila eskuetan.
Bertso saioa amaitzerako, auzo elkartearen lokalaren kanpo aldean jarritako estaldura azpian sardinak erretzen hasiak ziren, edatekoarekin batera nahi zuenak mokadua egin zezan.