Lasarte-Oriako anbulatorioaren egoera berriro agerian jarri eta orain arte Administrazioak "erantzun eraginkorrak" emateko erakutsi duen "gaitasun falta" salatu dute beste behin.
Pankarta eusten zuten lagunak agertokian zeuden, eta plazan edo udaletxearen arkupean dozenaka herritar, tartean, Agustin Valdivia alkatea edota Esti Garmendia EH Bilduko zinegotzia. Hogei minutuz egon dira herritarrak arkupe azpietan edo aterkipean, eta denbora horretan eskuorriak banatzearekin batera, borondatearen truke pegatinak ere banatu dituzte. Une heltzean, Maria Jose Eizmendik, euskaraz, eta Begoña Castrok, gaztelaniaz, idatzia irakurri dute. Sei hilabeteotako gertakarien kontaketa kronologikoa egin dute.
- Apirilaren 12an "aspaldiko partez Lasarte-Orian egin den manifestazio jendetsuena" egin zuten, bai Lehen Arretako bai Arreta Espezializatuko atzerapenek, mediku faltak, ESI berekoen arteko desorekek, erreferentziazko medikurik gabeko kupoek eta jarraipen medikoen faltak eragiten dituen "ondorio larriak" salatzeko.
- Sei egun geroago, udal osoko bilkurak aho batez onartu zuen lasarteoriatarren eskakizuna jasotzen zuen mozioa, bertan, udalari eskatzen zitzaion Donostialdeko ESIko arduradunekin harremanetan jartzea eta erreklamazioak zuzenean egiteko prozesua lideratzea.
- Uztailaren 11ko osoko bilkuran alkateak eta ESIko arduradunek izandako bileraren edukia eta Osakidetzak emandako erantzuna publiko egin zituzten.
- Irailaren 9an egindako elkarretaratzean, LOOPAk Osakidetzak alkatetzari emandako erantzuna baloratu zuen. Osakidetzaren aurreikuspenak aurreikusitakoak baino okerragoak ziren.
- Une honetan udalerriko biztanleriaren ia erdiak ez du medikurik.
- Etorkizunari begira arreta-eredu berri bat proposatzen da: aurrerantzean osasun erreferentea ez da familia medikua izango, erizaina baizik.
- "Mediku gehiegi" omen zeudela-eta, 2012an ezarritako asteburuetako larrialdi zerbitzuak behin betiko ezabatu dira.
- Une honetan bete gabe dauden sei plazetatik lau urtea amaitu baino lehen eskainiko dira EPE baten bidez, baina plaza horiek beteko diren inongo bermerik ez dago.
- Irailaren 30ean, "osasun-arretaren kalitatean izandako atzerakada nabarmenaren aurrean eta aurrera begira iragartzen diguten etorkizun ilunaren aurrean", egun horretan egindako elkarretaratzearen ondoren, plataformak lasarteoriatarren izenean kexa formal bat bidali zion Arartekoari, herritarron haserrea erakusten duten 1.500 sinadura baino gehiagorekin batera.
Lehenengoz kalera irten zirenetik urte erdi luze pasatu bada ere, irtenbidea ez da iritsi eta aldarrikatzen jarraitzeko beharra berretsi dute. "Abandonatuta sentitzen gara edo manipulatuta ere bai, administrazio publikotik bertatik osasun-sistema pribatura isil-isilik bultzatuak, osasunaren merkatarien pozerako, jakina. Osasunak eskubide izateari utzi dio. Orain prezio bat jarri diote", ondorioztatu dute.
Aurrerantzean deituko dituzten ekintzetara adi egoteko ere eskatu diete bertaratutakoei. Hurrengo jarduera, hain zuzen ere, azaroaren 21ean aurrera eramango dute: Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetariak La privatización de la sanidad en el oasis vasco liburua aurkeztuko du kultur etxean.