Nahiz eta salbuespen legediak indarrean mantendu, urrian, 07/2024 legearen erreforma onartu zuen Espainiako Kongresuak, eta ondorioz, Frantzian edo beste herrialderen batean betetako zigorrak kontuan hartuko zaizkie presoei Estatuan betetzen ari diren zigorren batura totalean.
"Pauso handia" bada ere, Sare Herritarrak argi du oraindik "korapilo handiak " dituela askatzeko eta gatazkaren konponbideari ateak irekitzeko garaia dela errepikatzen jarraituko dute. Izan ere, "salbuespenezko entzutegi nazionala da oraindik ere euskal preso, iheslari eta deportatuen auzian ardura duena eta 07/2003 legeak indarrean jarraitzen du, hainbat euskal presori 40 urteko zigor integroa ezartzen diena".
Bide horretan, gabonetako mobilizazioak eta urtarrilean Bilbon egingo duten manifestazioa baliatuko dituzte behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza aldarrikatzeko".
Bestalde, bihar, urriak 26, Donostian Bakea, Konponbidea eta Elkarbizitza konferentzia aurrera eramango dute, bi mahaiez osatua: batetik, ikuspegi internazionala kokatuko duena, Brian Currin eta Martina Aderson-en parte hartzearekin, bestetik, aurrera begira jarriko dena, Jon Mirena Landa, Laura Pego eta Jaime Tapiaren ekarpenekin. Sare Herritarraren youtubeko kanalean ikusteko aukera izango da eta horretara animatu dituzte bertaratutakoak.