Martxan da 2025eko Inauterietako gaia aukeratzeko parte hartze prozesuaren bigarren fasea

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urriaren 22a

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Azaroaren 3ra arteko epea izango dute herritarrek prozesuaren bigarren fasean parte hartzeko. Lehen zatian proposatu diren gaien artean bost aukeratu dituzte konpartsek, eta, orain, horien guztien artean bakarra aukera dezakete lasarteoriatarrek. Hauek dira bost gaiak: Fantasia eta mitologia;  Erdi Aroa; Munduan zehar bidaiak edo turistak;  Zirkoa eta Disney

Datorren urteko Inauterietan mozorrotzeko gaia aukeratzeko parte hartze prozesuak aurrera jarraitzen du. Bi fase izan ditu aurtengoak gainera. 

Lehenengoan, herritarrek Inauterietako gaia proposatzeko aukera izan zuten. Guztira, 252 proposamen jaso ziren; horietatik 79 parte hartze postontzietan jaso ditu udalak, eta 173, berriz, sarean egin dituzte herritarrek. Iritzi horiek guztiak aztertu ondoren, konpartsek bost gai hautatu zituzten, eta horiek dira orain herritarren botoen esku geratuko direnak; hauek dira: Fantasia eta mitologia;  Erdi Aroa; Munduan zehar bidaiak edo turistak;  Zirkoa eta Disney.

Bigarren fasean, aldiz, konpartsek aukeratutako bost gai horien artean bat hautatu beharko dute herritarrek. Parte hartze prozesu guztietan bezala, bi bide izango dituzte horretarako. Sarean egin nahi duenak, udal webgunearen bidez egin beharko du. Bestela, udalaren parte hartze postontzietan (Emakumeen Zentroa, kultur etxea, Gaztelekua, udaletxeko arkupe zaharrak edo kiroldegia) ere utzi ahalko dituzte proposamenak.  Lehen fasean ez bezala, oraingoan ez dira boto paperak etxez etxe banatuko . Horren harira, Festak saileko zinegotzi Txus Alonsok adierazi du parte hartzeak baldintza gehigarri bat duela: "botoa baliagarria izan dadin, NANarekin batera eman beharko da, botoaren benetakotasuna bermatzeko eta irregulartasunak saihesteko".