Mansok ez zuen lehiaketa ongi hasi, ordea; arazo mekanikoak izan zituen, palier bat hautsi zuen gidariak eta larunbatean, hilaren 19an ez zuen denbora onik egiterik izan entrenamendu zein lehen igoeran.
Egoera ederki gainditu zuen Lasarte-Oriako gidari eta bere taldeak hurrengo egunean. Bi igoera kronometratuak gehituta 04.25,584 denbora egin eta probako hirugarren postua eskuratu zuen eta III. mailako bigarren izan zen. "Egun bakarra izan genuen, beraz, pozarren gaude lortutako emaitzarekin," adierazi du Mansok.
Emaitza horiek, gainera, Espainiako Mendi txapelketako hirugarren postua eman diote. "Azken probara arte borrokan egon gara eta azkenean, podiuma lortu dugu. Lehen urtea da Espainiako txapelketa serio hartzen duguna eta lortutakoarekin harro gaude. Lehiaketako bost probetan podiumera –bi probatan bigarren sailkatu da eta beste hiruetan, hirugarren– igo gara. Emaitza ederrak dira," nabarmendu du bozkarioz.
Ez hori bakarrik, Joseba Iraolak –probako irabazlea– Urrakiko igoeran parte hartu ez zuenez, Euskadiko txapelketa ere eskuratu du herritarrak. "Iraolak Urrakin ez duenez punturik lortu, gurea da Euskadiko txapelketa orokorra. Horrez gain, 9. kategoriako garaile ere bagara," adierazi du gidari gazteak.
Hori guztia dela eta, urteko irakurketa ona egiten du herritarrak "proba guztietan podiumean izan gara; Euskadiko gure kategorian gainera guztiak irabazi ditugu".
Orain atseden hartuko du Mansok, baina aurki hurrengo denboraldia prestatzen hasiko da herriko gidaria.
Gidariak eskerrak eman nahi dizkie Ferdoux, Transjokinsa, Aizpurua Unanue eraikuntzak, Toyota Euskoauto eta Lexus Ikigaikars babesleei aurten beregan jarritako konfiantzagatik.