Gernika-Palestina herri ekimenak deitutako mobilizazioarekin bat egin du Lasarte-Oria Palestinarekin Elkartasuna eragileak. Gauzak horrela, Palestina, Libano sarraskia gelditu! Israelen kolonialismoari stop! lelopean kontzentrazio bat aurrera eraman du, eta bertara batu dira hainbat herritar.
Ekintza isila izan da nagusiki. Ordu laurdeneko kontzentrazioa egin dute, eta hori amaitzeko, askatasun aldarri gisa, Mikel Laboaren Txoriak txori abestu dute.
Herritarrei deia
Mobilizaziora batu direnei pare bat dei egin dizkiete Lasarte-Oria Palestinarekin Elkartasuna taldeko kideek. Alde batetik larunbat honetarako deialdi baten berri eman dute. Lannemezango espetxera egingo den manifestazioan parte hartzeko gonbita luzatu dute; bertan preso dagoen Georges Ibrahim Abdallah preso libanoarraren askatasuna eskatzeko (ia 40 urte daramatza preso) aurrera eramango dute ekintza hori.
Bestalde, igandean herrian bertan egingo den Lasarte-Oria Bai! kros herrikoian Palestinaren aldeko banderak erakustea eta elkartasun keinuak egin ditzaten eskatu dute.