Urte luzetako lana eskertu diote Jose Felix Solano Menari

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 20a, 22:35

Pilota eskolan arduradun eta entrenatzaile gisa egindako lana aitortu dio Intza Kirol Elkarteak igandean, eta omenaldiak ezinbestean frontoian eta mahairen bueltan izan behar zuen. Bi partida jokatu dituzte, azkena ezustekoarekin, eta eguna gogoratzeko balioko duten argazki ugari atera dizkiote protagonistari. Aintzatespenak elkartearen egoitzan jarraitu du bazkari eta opariekin.

2023-2024 denboraldi amaieran utzi zuen pilota eskolako ardura Jose Felix Solano Menak eta hilabete gutxira jaso du hamarkada luzetan bere gain izan duen ardurari eskertza. Senide, lagun eta elkartearekin lotura duten dozenaka pertsona bertaratu dira Loidibarrenera omenaldia bertatik bertara ikusteko. Lasarte-Oriako Udalak lagundu du ekitaldia eta Agustin Valdivia alkatea, Goizalde Pildain kirol zinegotzia edota Manuel Tolosa han izan dira, tarte batez, behintzat.

Batekin eta besterekin hitz egin du omenduak, harmailetan zeudenak agurtu  ditu eta erdialdean eseri da partidak ikustera. Oraintsu arte berarekin pilotan ikasi duten gaztetxoen neurketa izan da lehena. Ekhi Maiz eta Eñaut Huizi gailendu zaizkio Arkaitz Lasa eta Itsaso Iparragirreri, 18 tanto nork lehenago egin. Ondoren, nagusien mailakoan, aurrez aurre aritu dira bikoteka Jon Pello Artetxe eta Aranguren Axier Arteaga eta Aritz Solano. Parekatua izan da partida, nahiz eta gorriak aurretik joan diren  17 tantora heltzean aldea moztu dute urdinek berdindu arte. Gorriak izan dira 18ra heltzen lehenak eta hori izan da ezustekoaren unea.

Bikoteak aldatu dituzte eta Solanok, Goio osabarekin  eta Arteagak Juan Mari aitarekin jokatu dute 22 puntuen artekoa. Harritu egin da Jose Felix anaia sartzen ikustean, eta Goiok bide horretan zuen itxaropenari eutsi dio, jokoan ez baitu min larririk hartu. Are gehiago, 21 puntuan berdinduta zeudela gorriek, solanotarrek, azken tantoa eta garaipena lortu dute.

Irudi bilduma

Semeak lagundu du jokalekuaren erdira, eta, Intza Elkarteko lehendakari Idoia Telleriak aurkeztu moduan, Erketzeko zenbait kidek Agurra dantzatu diote. Zirrara nabaritzen hasi zaio Solanori aurpegian, bereziki, dantzariak agurtu ondoren Goiok eta Aritzek txapela jantzi, eta bertaratutakoek, zutik, txalo egin diotenean. Haiengana joan eta erdian jarrita talde argazkia egin dute. Lehena besterik ez da izan, horren ondoren, beste asko etorri baitira. 

Loidibarrenekoak amaituta, Intza elkartearen egoitzan jarraitu du prestatutako egitarauak. Bertan izan den Txema Vallesek azaldu duenez, bapo bazkaldu ondoren, Earra eskolako hiru kidek bertsoak abestu dizkiote, Aritzek eskainitako pala bat oparitu dio, eta hormetako batean zintzilikatutako bi argazki estalgabetu ditu Jose Felixek. Batean, bera ageri da aitarekin, eta bestean, Santa Anako pala txapelketan jokoan. Hunkituta eskertu du jasotako aitortza eta bai Rafael Nadal tenista bai Andrés Iniesta futbolista erretiratu diren urte historiko berean utzi duela aipatu du. 

Erlazionatuak