Festa erraldoia, goizetik iluntzera

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 19a, 19:35

Itzela, aparta, jendetsua, alaia... hitz asko erabil daitezke LOZETek antolatutako erraldoien topaketa deskribatzeko. Beste bost taldeekin batera herri erdiguneko kaleak hartu dituzte goizean, baita batu zaizkien dozenaka eta dozenaka herritarrek ere. Buruhandiek, kilikiek, eta batez ere erraldoiek, erakarpen gaitasun handia dutela ageriko egin dute.

Ez dira 120 izan kazetari honek gaurko topaketa iragartzeko idatzitako albistean oker esan bezala, 20 besterik ez, baina nahikoa eta soberan izan dira jai giroa pizteko. Kiliki eta buruhandien laguntza ere izan dute, interes berezia piztu dute Villabonakoek, haien inguruan herritar andana biltzeko. Non zeuden jakiteko modu bat Oaintxe In Deu! txarangaren musika edota dultzaina eta danbor doinuak jarraitzea izan da.

Goizetik bete dituzte kaleak, Semblante Andaluzek prestatutako hamaiketakoarekin indarrak hartu ondoren. Atsobakar auzotik abiatuta, Sasoetarantz joan dira geldialdiak eginez. Andatza plazan egin dute bat eta zain zituzten herritarrak. Argazki zaparra eta bideo pila egin dizkiete irudiei, eta txikienek txundituta jarraitu dute han egindako dantza. Haien artean bereziki zaleak nortzuk ziren igartzea erraza izan da, askok eraman baitituzte erraldoien irudiak.

Kale Nagusian aurrera egin dute Zumaburura bidean. Bertan egindako etena, atseden hartu eta hamaiketakoa egiteko aprobetxatu dute irudien barruan doazenek, eta nahi beste argazki egiteko haien jarraitzaileek. 

Okendo plaza izan da topagunearen azken helmuga. Bata bestearen atzetik heldu eta bi iladatan kokatu dira. Buruhandiak eta musikariak oholtzara deitu dituzte LOZETeko antolatzaileek, erraldoiek dantza gustura egin zezaten. Bi izan dira bakarrik egin dituztenak, eta ondoren, talde bakoitzeko ordezkariren bati igotzeko eskatu diote oroigarri bana jasotzera. Elkarrekin argazkia egin ondoren, jaitsi, eta erraldoien artean dantza egin dute. Bukatzeko, talde argazki erraldoia atera dute, Loidibarren frontoira bazkaltzera joan aurretik.

Bazkarirako txartelak erosi dituztenek eta sei konpartsetako kideek paella izan dute bazkari, eta hondoko paretaren aurrean, txotx egiteko barrikotea. Aurreikusitakoa baino denbora pixka bat gehiago behar izan dute  eta tarte hori baliatu dute haurretako batzuek pilota batekin jolasteko. 

Bazkaldu ondoren,  herriko konpartsak kale jira egin du Buenetxea tabernaraino. Establezimenduak bere 25. urteurrernera lotuta, hainbat jarduera burutu ditu larunbatean zehar eta LOZETen konpartsak taberna aurrean dantza egitea izan da horietako bat.

Ilundu duenean, 20:30ean, zezensuzkoaren txanda heldu da. Orduaren aurretik, surik gabeko zezenak korrika jarri ditu ditu errepidean zeudenak, etorriko zenaren beroketa moduan. Sanpedroetako gauen itxura hartu Kale Nagusiak, argiteria itzalita eta zezenen txinpartak izan dira gunea argitu duteen bakarrak. Ilusioz eta gogotsu parte hartu dute helduek eta haurrek, ohi baino luzexeagoa izan dela zirudien lasterkaldian.