Aurtengo ikasturteak garrantzia berezia izango du Ernairentzat, eragilea "ekonomikoki kaltetzeko abian den operazioari" aurre egiteko baliatu nahi baitute, eta, horrez gain, independentziaren alde dauden gazteak "geroz eta gehiago" direla erakusteko.
Ernairen aurkako auziari dagokionez, 2023ko irailean Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratzeak salatzeko bi ekintza aurrera eraman zituzten, Bilbon eta Gasteizen bana, eta haietan 133 kide identifikatu zituen poliziak. Mozal legea ezarrita, ohi baino isun handiagoak jaso zituzten: 600€ izaten ohi zena 1.500€ edo 2.500€ izatera pasatu zen. Denera, 290.500€. Legea modu "neurrigabean" ezartzea eragilea "ekonomiko ito nahia" dela uste dute, hala, desagerrarazteko. "Ezker independentismoa hegemonia sozial eta politikoa irabazten ari delako eta gehiago garelako independentziaren aldeko aldarria egiten dugunak". Helegiteak jarri dituzte isunen kontra.
Hori esanda, munduari begiratzetik hasita, gazteriara iritsi eta herriaz ere mintzatu dira testuingurua kokatzeko. Herrian balio sozial, feminista eta euskaldunen aldeko atxikimendu handi bat badago ere, aldi berean, olatu erreakzionario bat ere badago euskal gazteriaren zati bat faxisten mugimenduarekin atxikitzen duena. Bestalde, maila instituzional eta sozialean, independentismoaren hazkunde nabaria dela diote eta "nazio auziak zentralitatea hartuko duela".
Helburuak eta ekintzak
Aipatutakoa kontutan hartuta, datozen hilabeteetan independentziaren aldeko borrokara pertsona gehiago atxikitzeko espazio eta bideak eraikiko dituzte eta independentzia erdigunean jartzen ahaleginduko dira zenbait arlotan: etxebizitza auziari irtenbide propio eta soziala ematea, lan eta lan baldintza duinak izatea, hezkuntza eredu propioa, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea. "Bide honek emango diguna gazteoi Euskal Herrian duintasunez bizitzeko modua izango da".
Aurkezpena amaituta, Lasarte-Oriara begira jarri dira, beraien mugarriak zeintzuk diren zehazteko: Ernaik duen komunitatea indartzea, gazteago diren belaunaldietara iristea eta herrian indarra duela adieraztea, herriko eragileekin harremana izatea, datak elkarbanatu eta egutegi bateratu bat osatzea, eta Xirimiri taberna beste eragileekin batera bultzatzea. Xede horiekin zenbait ekintza ere abiatuko dituzte, hala nola, euskararen gaineko lanketa, espazioari buruzkoa, eta Gazteen Eskutik ekimena herrian aurkeztu eta lantzea.
Ondoren, amesten duten Lasarte-Oria lortzeko egin dezaketenaren gainean gogoeta partekatua egin dute. Belaunaldi gazteagoetara iristeko kezka izan da lehen gaia, "gizartetik urrun" ikusten baitituzte, eta hori mugimendu sozial guztien arazoa da. Etxebizitza arazoari lotuta, "herri izaera" galtzen ari dela ere eztabaidatu dute, gero eta gehiago aisia eta egunerokoa Donostian egiten baitute gazte askok. Horri tiraka aisia eredua bera eta musika emanaldiak egiteko leku falta ere agertu dira. Halaber, euskararekiko kezka ere izan dute mintzagai, "militantzia aktiboa" falta dela baieztatuz, bereziki, kirol taldeetan.