Sortuz ikasiz, bakarka zein taldean, udal liburutegian

Maddi Zaldua 2024ko urr. 18a, 10:05

'Animaltzen' tailerra aurrera eraman du Zorione Mendez Martin artistak. Dozena bat gazte lasarteoriatarrek parte hartu dute bertan, eta, arrisku egoeran bizi diren Euskal Herriko animaliei buruz ikasi dute. Sormen lan aberasgarriak egin dituzte 

Animaltzen tailerra aurrera eraman du Zorione Mendez Martin artista oriotarrak Lasarte-Oriako Udal Liburutegian. Bertan parte hartu dute dozena bat gazte lasarteoriatarrek, eta sormen lan ederrak egin dituzte. Parte hartzaile bakoitza bere lantxoetan aritu da, baina talde lana ere egin dute. Izenak ere ipini dizkiete eurek marraztu eta margotutako animaliei, hala nola, Pepito Grillo edo Katu sirena. 

Aurrera eramandako saio horren gainean, artistak TXINTXARRI-ri kontatu dio gaztetxoek ez dutela marrazteko, ebakitzeko ez bestelako sormen gauzetarako erreparorik, hau da askatasunez egiten dutela iruditzen zaiena eta hala aritu direla udal liburutegiko saiora joandakoak ere. Gaineratu du "oso ondo" moldatu direla elkarrekin, "talde jatorra" izan dela eta, hortaz, saio "entretenigarri bezain aberasgarria" izan dela. Horiez gain, aipatu tailerrari buruzko bestelako zenbait kontu ere azaldu dizkio aldizkariari; ondoko elkarrizketan dituzue irakurgai. 

Zorione Mendez Martin: "Etxean genuen liburu batetik sortu zen tailer hau egiteko ideia"

 

 

Nola sortu duzu 'Animaltzen' sormen tailerra?

Hiruzpalau urte daramatzat tailer honekin lanean. Etxean genuen liburu batetik sortu zen ideia. Euskal Herrian arriskuan dauden animalien berri ematen du, eta hori begiratzen hasita, ohartu nintzen animalia ugari daudela galzori egoeran. Horien guztien artean asko ezagunak ditugunak ere bai; agian, iruditzen ezagutzen ditugun horiek ez daudela arriskuan, baina hala daude. Gauzak horrela, pentsatu nuen gaia lantzeko zerbait egin behar nuela; hori bai, lanketa sormenetik bideratu nahi nuela argi nuen. 

Eta 'Animaltzen' izena nondik dator? 

Izenburuari dagokionez, berriz, gizakitik animalia bihurtzerako salto hori irudikatzeko izen aproposa iruditu zitzaidan, nahiz eta gizakiok animaliak garen. Lerroburu horrek ematen dit, gainera, surrealismoarekin jolasteko aukera, irudi berean ikusten baititugu gizakion atalak, eta baita animalienak dituzten izakiak marraztuta. Hori da, nolabait, estetikoki ikusita.

Lasarte-Oriako saioan gazteek parte hartu dute. Publiko horri zuzenduta dago tailerra? 

Publiko zabalari zuzenduta dago. Donostiako Tabakaleran egin nuen, adibidez, helduentzako saio bat, eta gaztetxoekin ere egin ditut hainbat, liburutegietan eta bestelako zenbait espaziotan. 

Asko gustatzen zait tailer hau, eta iruditzen, badela betikoez gain, gure inguruan bestelako zein animalia ditugun ikasteko modu bat, hegaztiak, adibidez. Tailer honen bitartez horien ezaugarriren batzuk barneratzen badituzte, primeran. Gazte zein helduei, adibidez, zein hegazti ezagutzen dituzten galdetzen diedanean, ohikoenak-edo aipatzen dituzte, baina ez dakite horiek identifikatzen, ezta horien gaineko askoz datu gehiago ematen ere. 

Nola antolatzen duzu tailerra?

Zortzi edo hamar animalia aukeratzen ditut eta fotokopiatan eramaten dizkiet parte hartzaileei. Horien artean bakoitzak estetikoki gehien gustatzen zaiona aukeratzen du, eta animalia horren afixak dakarren bere gaineko informazioa irakurtzen du, hala nola, izena, zein neurri duen, zein den bere habitata, zer egin dezakegun bizi duen arrisku egoera horretatik ateratzeko, eta abar.

Fotokopia horietatik aukeratutako animaliaren atal bat kopiatu edo kalkatu egiten dute gero, adibidez, hankak edo mokoa, isatsa edo hegalak, edo dena delako zatia. Hortik aurrerakoa, aldiz, parte hartzaile bakoitzaren sormen lana izaten da; poliki-poliki joaten dira gehitzen beste gorputz atal batzuk, azkenerako, bakoitzak bere animalia osatu duen arte. Horrela egin dugu udal liburutegian aurrera eraman dugun azken saioan ere. Eta surrealismoa ere lantzen dugunez, sortu dituzte, esaterako, lau hankako edo hiru begiko izaki bizidunak. 

Fanzinea –animalien irudiak eta informazioa dakarren fotokopia sorta–, gainera, etxera eraman dute, agertzen diren animalia guztien gaineko informazioa irakurtzeko aukera izan dezaten.